Gizartea -
Desagerpena Kolonbian
Hipotesi desberdinak, argazkilari gasteiztarraren desagerpena dela eta
Borja Lazaro Herrero gasteiztarrak 17 egun daramatza desagertuta, eta Kolonbiako Poliziak ez du hipotesirik baztertzen.
Erredakzioa
Kolonbiako Poliziak hipotesi guztiak zabalik ditu, duela gutxienez 17 egun herrialdearen iparraldean desagertu zen Borja Lazaro Herrero fotokazetari gasteiztarraren kasuan. Bahiketa edota istripua izan zitekeela ere ez du baztertzen Poliziak. Urtarrilaren 7an hitz egin zuen azken aldiz, Twitterren duen profilean, eta ordutik hona familiak ez du horren berririk.
"Ezin dugu bahiketaz hitz egin, inork ez baitu erreskaterik eskatu, baina aukera hori ez dugu baztertu", azaldu du Alejandro Calderon koronelak. La Guajirako Poliziaren komandantea da, eta bertan ikusi zuten gasteiztarra azkenengo aldiz.
Kolonbiako agintariek duten beste hipotesietako bat zera da, 34 urteko gasteiztarrak istripuren bat izan duela. Horretarako, Alemaniako, Txileko eta Kolonbiako turista batzuen adierazpenetan oinarritu dira, fotokazetariarekin egon baitziren urtarrilaren zazpiko gauean. Ostatu batean berarekin egon zen alemaniar batek esan du biharamuneko goizean ez zuela Borja gelan aurkitu, eta falta zen gauza bakarra horren mobila zela.
Calderon koronelaren arabera, turistek esan zuten Cabo de La Vela sektorean likorea edaten egon zirela, eta hurrengo egunean herrialdearen ipar muturreko Punta Gallinasera joatekotan gelditu zirela. Antza denez, Lazaro Herrerok ez zuen taldearekin bat egin hurrengo egunean, eta hura gabe abiatu ziren Punta Gallinasera. Ostatura itzultzean, ez zuten bertan topatu, eta, harrezkero, ez dute haren berri izan.
Poliziak esan du posible dela fotokazetaria itsasora sartu eta urak eraman izana. "Zonaldeko arrantzaleek diote egun haietan itsas korrontea oso gogorra zela", adierazi dute agenteek.
Juan Antonio Martinez Cartagenako kontsul espainiarrak gaztearen desagerpenaren berri eman du. Haren familiak salaketa jarri du, eta Ertzaintzak, Interpolen bitartez, Kolonbiako Poliziari jakinarazi dio.
Sare sozialetan eman zuen Kolonbiako bidaiaren berri
Lazaro Herrerok haren blogean eta Twitterreko profilean adierazi zuen Kolonbiara zihoala, eta Bogotan, Cartagena eta Santa Marta Karibeko hirietan eta La Guajira zonaldean izango zela esan zuen. Azken toki horretan, 2013an, bi turista espainiar bahitu zituzten tokiko gaizkileek.
"Azken aldiz urtarrilaren 7an ikusi zuten, Cabo de La Velan. Ostatu batean zegoen, eta bertan topatu dituzte haren argazki kamera, pasaportea eta arropa", esan du Martinezek.
Luxenburgon bizi izan zen Borja Lazaro bere bikotekidearekin; azken hori, orain, Kolonbiara joan da, desagerpenaren inguruko xehetasun guztiak jarraitzeko.