Gizartea -
Desagerpena
Gasteiztar batek 17 egun daramatza Kolonbian desagertuta
Borja Lazaro Herrero argazkilaria Kolonbia iparraldean dagoen La Guajira departamentuan desagertu zen.
Erredakzioa
Borja Lazaro Herrero euskal herritarra Kolonbian desagertuta dago joan den urtarrilaren 8tik, Espainiak Cartagenan duen kontsulak jakitera eman duenez. Desagerpena orain 17 egun gertatu zen herrialdearen iparraldean, La Guajira departamentuan.
Juan Antonio Martinez kontsulak zehaztu duenez, gaztea argazkilaria da eta bere sendiak Gasteizko Ertzaintzaren komisaldegian atzo jarritako salaketaren ondoren izan dute desagerpenaren berri. Kolonbiako agintarien ikerketaren zain daudela adierazi du.
Kolonbiako Poliziak Lazaro Herreroren desagerpena baieztatu du, Efe agentziaren arabera. Poliziaren bahiketen taldea, Gaula, kasua ikertzen ari dela gaineratu du.
“Madriletik Interpolek baieztatu digu gaztearen sendiak salaketa jarri zuela atzo Etzaintzan”, gaineratu du Martinezek.
“Esku artean ditugun datuen arabera, turista bat da, igarobidean dagoen pertsona bat”, azpimarratu du kontsulak. Gaineratu duenez, gaztea Mexikon bizi zen emaztearekin eta joan den azaroan heldu zen Kolonbiara.
Lazaro Herrerok bere blogean eta Twitter kontuan Kolonbiara egiten ari zen bidaiaren berri eman zuen. Lehenik Bogotan egon zen, eta ondoren Cartagenan eta Santa Mariara joan zen. Desagerpena La Guajira departamentuan izan da, Venezuelako mugatik gertu. www.eltiempo.com Kolonbiako atari digitalak argitaratu duenez, gaztea wayuu indigenei argazkiak egiten ari zen.
Urtarrilaren 7an izan zuten azkenengoz bere berri. Cabo de la Velan zegoen, hostal batean. Kontsulak baieztatu du hostal horretan gaztearen argazki makina, pasaportea eta arropak aurkitu dituztela.
Azkenengoz urtarrilaren 5ean idatzi zuen argazkilariak bere Twitter kontuan eta bertan, blogean idatzitako artikulu batera zuzendu zituen jarraitzaileak. Cabo de la Velara bidaiatzeko asmoa zuela ere idatzi zuen.
Senitartekoen kezka
Roberto Martinez desagertutakoaren senitartekoa "oso kezkatuta" azaldu da Radio Euskadi irratian. Lazaro urtarrilaren 8an desagertu zela baieztatu du Martinezek. "Orduz geroztik ez dugu haren berririk. Denboratxo bat pasatzen utzi dugu salaketa aurkeztu baino lehen. Mugikorraren estaldura duen zonaren bat aurkitu behar izan du dagoeneko", gaineratu du.
Borja Lazaro "zonan argazki-turismoa eta erreportajeak" egiten ari zen, Martinezen ahotan. "Ingeniari informatikoa da, baina berak argazkiak atera nahi zituen, errealitatea gertutik bizi nahi zuen", adierazi du.
"Ostatuan falta zen bere gauza bakarra mugikorra zen, gainerako guztiak (arropa, agiriak, kamerak...) gelan topatu zituzten", erantsi du.
Interpol familiarekin harremanetan jarri dela baieztatu du desagertutakoaren senitartekoak. "Desagertu den zonaldea ez da onenetakoa, ez da kafe bat hartzera joateko modukoa", esan du.