Gizartea -
Eztabaida Kongresuan
Abortua, urteko lehen kontrolerako saioaren gai nagusi
Oposizioko taldeek egindako galderei erantzun beharko diete Espainiako presidenteak, presidenteordeak eta Justizia eta Osasun ministroek.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak bultzatutako abortuari buruzko erreforma polemikoa izango dute ardatz asteazken honetan Diputatuen Kongresuan egingo duten urteko lehen kontrolerako saioan. Horrez gain, 'Euskal Y'ren eta Burgoseko Gamonal auzoan izan diren protesten inguruko galderak ere erantzun beharko dituzte Alderdi Popularreko arduradunek.
Mariano Rajoy Espainiako presidentea izango da oposizioak egindako adierazpenei erantzuten lehena. Alfredro Perez-Rubalcaba PSOEko buruzagiak "herritarren osasunaren babesa"ren inguruko galdera egingo dio.
Olaia Fernandez Davila BNGko diputatuak ere abortua izango du ardatz bere itaunean. Izan ere, eta erreformak "gizartean eragindako ondoeza" kontuan hartuta, proiektua erretiratzeko asmorik ez ote duen galdetuko dio gobernuburuari.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea ere mintzatu beharko da, Soraya Rodriguez bozeramaile sozialitak egindako honako galderari erantzuteko: Zergatik ez daude Gobernuko kideak Parlamentuan haurdunaldiaren etetearen inguruko aurreproiektuaren azalpenak emateko prest?
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroa eta Ana Mato Osasun ministroa ere oholtzara igo beharko dira oposizioak gai honen inguruan egindako galderei erantzutera.
'Euskal Y'a eta Gamonal
Abortua ez da, ordea, mahai gainean izango den gai bakarra. Aitor Esteban EAJko bozeramailea Rajoyri zuzenduko zaio, "Euskal Y-ren Bergarako korapiloaren lanak esleitzeko konpromisoa urratu" izanaren inguruan galdetzeko.
Burgoseko Gamonal auzoan izan diren protestak hizpide izango ditu Luis Tudanca PSOEko diputatuak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari egindako galderan.