Gizartea -

Adierazpenak

Gallardon: 'Munduan ez dago abortua eskubidetzat jotzen duen legerik'

Justizia ministroak esan duenez, Gobernuaren asmoa, aurreproiektuarekin, legeak "Espainiako Konstituzioaren eta nazioarteko errekerimenduen arabera" egitea da.

Alberto Ruiz-Gallardon, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Alberto Ruiz-Gallardon, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Alberto Ruiz-Gallardon, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak Abortuaren Legearen aurreproiektuaren alde egin du astearte honetan, horren esanetan, munduan ez dagoelako haurdunaldiaren borondatezko etenaldia "eskubidetzat jotzen duen legerik". RTVEn egin dioten elkarrizketa batean, Ruiz-Gallardonek esan du Gobernuaren asmoa, aurreproiektuarekin, legeak "Espainiako Konstituzioaren eta nazioarteko errekerimenduen arabera" egitea dela.

Ministroak nabarmendu du "sortzearen unetik" babesten duela Konstituzioak giza bizitza, eta azaldu du legeak ezin duela "minusbaliotasun batengatik diskriminatzera behartu". Halaber, adierazi du badagoela NBEren errekerimendu bat, Espainiari 2010ean PSOEren Gobernuak bultzatu zuen legea aldatzea eskatzen diona, elbarritasunen bat dutenen eskubideen aurkakoa delako. 2015era arteko epea eman zion Estatuari hori egiteko, ministroaren esanetan.

Malformazio batek, berez, "ez du abortua baimentzen"

Ruiz-Gallardonen RTVEn esan duenez, fetuaren malformazio batek berez "ez du abortua baimentzen", "minusbaliotasun bat ez duten pertsonek ez dutelako minusbaliotasunen bat dutenek baino eskubide gehiagorik". Izan ere, abortua "emakumearentzako mina egonez gero bakarrik" dago baimenduta, ez fetua perfektua ez izateagatik. Gainera, esan du Gobernuak aurreikusten duela haurdunaldia eten ahal dela bizitzarekin bateragarriak ez diren anomaliak egotekotan, edo min psikologikoa sortuz gero, baina hori, nolanahi ere, "medikuak egiaztatu beharko du".

PPko kide batzuek adierazitako desadostasunez galdetu diotenean (Jose Antonio Monago Extremadurako presidenteak edo Celia Villalobos Kongresuaren presidenteordeak, adibidez, euren zalantzak agertu dituzte), Ruiz-Gallardonek esan du bere alderdian "inork" ez duela gaur egungo legea nahiago, ez dagoela "fetua babesten ez duen epekako legea nahiago duenik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Albisteak gaur