Gizartea -
Abortua
Iñigo Lamarca: 'Ezin dira emakumeak ama izatera behartu'
Arartekoak gogora ekarri duenez, PPk helegitea jarri zion Konstituzionalean abortuaren aurreko legeari, eta "zentzuzkoena Auzitegiak ebazpena eman arte itxaron izana zatekeen".
Erredakzioa
Iñigo Lamarca arartekoak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean adierazi duenez, abortuaren legearen erreformaren inguruko polemikaren "gakoa" hau da: "Ezin dira emakumeak ama izatera behartu".
"Emakumeen askatasunerako eskubideaz ari gara, baita berdintasunerako eta duintasunerako eskubideaz ere", esan du Lamarcak, eta, haren ustez, egungo epeen legeak eskubide horiek bermatzen ditu eta "jaio gabeko izakiaren babes juridikoarekin uztartzen ditu".
Lamarcak bere mintzaldian gogora ekarri duenez, PPk egungo legearen aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta "zentzuzkoena" lege berri bat idatzi aurretik "Auzitegiak ebazpena eman arte itxaron izana zatekeen", arartekoaren hitzetan.
Times egunkari ingeles kontserbadoreak berak ere Espainiako Justizia Ministerioaren aurreproiektua kritikatu duela azpimarratu eta gero, arartekoak "araudi hau zuzentzeko eta emakumeen eskubideak babestera bideratzeko astia" oraindik badagoela esan du.
Herriaren defendatzailea bera buru duen erakundeak 2013an egin duen lanaz ere mintzatu da. Oraindik lana zenbatu ez dutela aipatu ostean, gizarte laguntzen inguruko kexen kopuruak oso nabarmen gora egin izana hartu du hizpide. Krisi ekonomokioari egotzi dio hori Iñigo Lamarcak.