Gizartea -

Gabonetako Loteria

Loteriaren sari potoloak, 62.246ak, 180 milioi eraman ditu Arrasatera

Dezimo bakoitzeko 400.000 euro jasoko ditu irabazleak. Dezimoen saltzaileak azaldu duenez, oso banatuta dago saria San Andres auzoko herritarren artean.

Gabonetako Loteriaren sari potoloa ospatzen, Arrasaten. Argazkia: EiTB
Gabonetako Loteriaren sari potoloa ospatzen, Arrasaten.
Egoera beltzaren erdian, argi izpi bat piztu da gaur Arrasaten

1:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabonetako Loteriaren sari potoloa 62.246 zenbakiari egokitu zaio, eta lau milioi euro banatuko ditu serieko, 400.000 euro dezimoko.

Sariaren zati bat Arrasaten (Gipuzkoa) saldu dute, Araba etorbideko 2. Administrazioan hain zuzen ere. Bertan, 45 serietako dezimo guztiak saldu omen dituzte, hau da, 180 milioi euro saritan.

Arrasaten ez ezezik, Leganesen (bertan, Zumarragako bikote batek txartel saridunak erosi zituen), Quintanar de la Ordenen, Sanlucar La Mayorren, Bailenen, Huelman, Bartzelonan, Avilesen, Palentzian eta Madrilen ere saldu dute zenbakia.

10:46an atera da gaurko sari potoloa, eta eguneko 13 sari garrantzitsuenen artean, laugarrena izan da.

"Poza"

Inaxio Azkarraurizar Arrasateko alkatea gustura agertu da Euskadi Irratian Gabonetako Loteriaren sari potoloaren zati bat egokitu zaielako. Izan ere, "poztasun handia da azken hilabeteotako albiste txarren ostean", Fagorren krisiari erreferentzia eginez.

Gaineratu duenez, "bizitzaren paradoxak dira, San Andresen egokitu baita saria", Fagorrek fabrika bat duen auzoan. Horren harira, saria "oso banatua izatea" espero du, "jende asko ari baita oso momentu zailak bizitzen".

"Poztasun handiagoz begiratu ahal izango diogu etorkizunari"

Jose Maria Garay Arrasatera sari potoloa eraman duen administrazioaren arduradunak esan du saria "oso zatituta" banatu dutela, "auzoko jendearen artean".

"Ezkortasuna nagusi zen une batean" saria iritsi dela azpimarratu du Garayk, eta horrela "poztasun handiagoz" begiratu ahal izango diotela etorkizunari.

Garayk azaldu duenez, 45 serie zituzten, 180 milioi euro saritan, baina "agian baten bat itzuli egin dugu, eta baieztatzeko daukagu hori". "Badakigu oso sakabanatuta saldu dela", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea