Gizartea -
Erreforma
EH Bilduk 'desobedientzia'rako deia egin du Abortu Legearen aurrean
Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari abortua librea eta doakoa izateko bermea eskatu die.
Erredakzioa
EH Bilduk "erabat" errefusatu du Abortu Legearen erreforma, "emakumeen burujabetasunaren kontrako eraso bortitza" delako, eta "desobedientzia"rako deia egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.
Yolanda Jubetok eta Diana Urreak Bilbon emandako prentsaurreko batean azpimarratu dutenez, eskubideak "ez dira negotziatzen", eta "eskubideak urratzea eta, Euskal Herriaren gehiengoaren gainetik, murrizketak ezartzea" leporatu diote PPren Gobernuari.
Erreforma "emakumeen burujabetasunaren kontrako eraso bortitza" dela eta, "erantzun irmoa" eman eta abortu libre eta doakoa aldarrikatu beharra dagoela uste dute. Hori horrela, "desobedientzia"rako deia egin die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, eta "legea ez aplikatzeko" eta abortu librea bermatzeko eskatu diete.
"Azken eraso honek agerian uzten du bide propioa egin beharra dugula" eta "mobilizazioa eta erresistentzia" omen dira bideak, EH Bilduko eledunen esanetan.