Gizartea -
Abortuaren legea
Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu dute
Abortua egiteko bi kasu bakarrik jasotzen ditu: amaren gorputz-osasuna edo osasuna psikikoa arriskuan egotea eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorio izatea. Biak, ordea, baldintzapean.
Erredakzioa
Espainiako Ministroen Kontseiluak Abortuaren Legearen aurreproiektua onartu du ostiral honetan. Erreformak abortatzeko eskubidea mugatuko du, eta 1985eko legea baino atzerakoiagoa izango da, Kongresuan aurrera egiten badu.
Soraya Saenz de Santamariak Ministroen Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan egin du iragarpena. Agerraldia Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa ere izan da. Aurreproiektua izapidetza hasiko du orain.
Ruiz Gallardonek zehaztu duenez, aurreproiektuaren arabera abortuak bi kasutan ez du zigorrik izango: "beharrezkoa" denean, "amaren gorputz-osasuna edo osasuna psikikoa arriskuan egoteagatik", edo haurdunaldia bortxaketa baten ondorioa izatea, gertakaria salatua izan bada eta abortua lehen hamabi asteetan eginez gero.
Ministroen Kontseilua amaitu ostean deitutako prentsaurrekoan esan du bi kasu horietan ere baldintza batzuk bete beharko direla: besteak beste, abortua "beharrezkoa" izatea, medikuntzaren aldetik beste irtenbiderik ez egoteagatik, eta, halaber, abortua ez egiteak kaltea iraunkorra ekartzea amaren osasunari.
Bortxaketaren kasuan, emakumeak salaketa aurkeztu beharko du, eta abortua 12. astea arte bakarrik egin ahal izango da.
Haurdunaldia emakumearentzako ''arrisku larria'' denean, 22. astea arte egin ahal izango da abortua, baina osasun zentro ezberdinetako bi medikuk baieztatu beharko dute arrisku hori. Haurdunaldia amarentzako arriskutsua baldin bada eta arrisku aurretik antzemandako fetuaren anomalia batek eragiten badu, ez da egongo abortatzeko epe-mugarik.
Aurreproiektuak, halaber, profesionalen kontzientzia-eragozpena ere arautzen du, eta medikuak osasun zentroaren zuzendariari jakianrazi beharko dio lanean hasi eta bost eguneko epean. Edonola ere, edozein momentuan aldatu ahal izango du profesionalak eskubide horren inguruko iritzia.
Ezarritako irizpideetatik kanpo abortuak egiten dituzten medikuentzat zigorrak ere ezartzen ditu erreformak: urtebete eta hiru urte arteko kartzela-zigorra, emakumearen baiezkoarekin egindako abortuen kasuan; eta 4 eta 8 urte arteko espetxe-zigorra, mehatxupean edo iruzurrean oinarrituta egiten bada.
Kritikak abortuaren erreformaren legeari
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorrak salatu duenez, erreformak ''haurdunaldiaren inguruan askatasunez erabakitzeko eskubide'' kentzen die emakumeei, eta ekimenak PPren ''hauteskunde interesei'' erantzuten die. Rubalcabaren hitzetan, ''ez dago egungo legea aldatzeko gizartearen gehiengoaren aldarrikapenik'', eta erreformaren arrazoia ''eskumarantz zuzendutako mugimenduak eskatzen dituen PPren sektorea'' dela esan du.
Josean Agirretxea EAJk Kongresuan duen Berdintasunerako bozeramaileak azpimarratu du ''mendebaldeko herrialdeetan egungo abortu legerik murriztaileena'' dela, ''1985eako baino are murriztaileagoa''. Agirretxearen hitzetan ere ''PPren sektore erreakzionarioei'' erantzuten die erreformak.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere erabateko desadostasuna agertu du, ''atzerakada onartezina'' delako. Landaidaren ustez, haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeak kriminalizatzen ditu aurreproiektuak.
Marisa Soleto Fundacion Mujeres elkarteko presidentearen aburuz, 1985eako legea baino okerragoa da egungo da ''eskubideen murrizketari dagokionez''. Halaber, ''beteezinak izango diren egoerak'' eragingo ditu, eta ''isilpeko abortuak egitera bultzatuko ditu emakumeak''.
Abortuaren eskubidearen aldeko Euskal Herriko Plataforma Feministak elkarretaratzea deitu du larunbat honetako Bilbon, PPren egoitzaren aurrean, erreformaren aurka protesta egiteko. Ohar baten bidez, lege-proiektuaren aurrean ''erabateko gaitzespena'' agertu dute, eta emakumeen eskubideak murriztea helburu duela salatu dute.
CCOO eta UGT sindikatuen hitzetan, emakumeen kontrako ''erasoa'' da, eta emakumeak eta osasun arloko profesionalak ''klandestinitatean'' aritzeko zigortzen dituela azpimarratu dute.
OMC Espainiako Medikuen Elkargoen presidenteak azaldu duenez, erreformak aldaketa ''garrantzitsu asko'' ezartzen ditu, eta lege berria zehatz-mehatz aztertu beharko da. Edonola ere, ''orain 28 urteko egoerara'' itzuliko garela aurreratu du.
Jueces para la Democracia elkarteak, bestalde, aurreproiektuak Espainia ''Konstituzioaren aurretiko denboretara'' eramaten duela ohartarazi du.
Paradoxikoki, erreforma ez dute begi onez ikusi ez abortuaren aldeko taldeek ezta kontrakoek ere; batzuen ustez ''murriztailea eta arbitrarioa'' da erreforma; eta besteen ustez, berriz, ''ez da nahikoa''.
Ildo horretan, Familiaren Foroak esan du aurreproiektua ''oso positiboa'' dela, baian ez dela beren ''ideiala''.
Abortuaren kontrako taldeek begi onez ikusi dute fetuaren malformazioaren baldintza bertan behera uztea.