Gizartea -

Euskararen Nazioarteko Eguna

Hizkuntza-politika 'orekatuaren' alde lan egingo du Legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat onartu du gaur aho batez, abenduaren 3an egingo den Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta.

Patxi Baztarrika. EITB.
Patxi Baztarrika. EITB.
Patxi Baztarrika. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzional bat onartu du gaur aho batez, abenduaren 3an egingo den Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta.

Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak irakurritako adierazpenean, Gasteizko ganberak adierazi du euskara “herritar guztion hizkuntza” dela eta, “guztiok batu eta aberasten gaituen hizkuntza” izan behar dela.

“Eusko Legebiltzarrak, euskararen inguruan ahalik eta adostasunik zabalenean oinarrituta, herritar eleaniztunak lortzeko pausoak egin nahi ditu”, adierazi du.

Horrez gain, urteko egun guztiak “euskararen egun” bilakatzeko deia egin du, “pertsona guztien hizkuntza-eskubideen errespetuan oinarrituta eta pertsona bakoitzaren atxikitze naturala eta bakoitzaren herritar izateko molde partikularra errespetatuz”.

Euskararen aldeko hizkuntza-politika “orekatu eta sustatzailea” bultzatuko duela nabamendu du Legebiltzarrak.

Bestalde, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Europarako hizkuntza politika propio baten beharra plazaratu du Bruselan. Europako hizkuntzen mapa funtzional bat osatzea edota hizkuntza eskubideak agiri europar baten bidez instituzionalizatzea ere proposatu du.

"Euskara Europan. Hizkuntza Politikak" izenburupean eman du hitzaldia gaur goizean Patxi Baztarrikak Bruselan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen egitarauaren barnean.

Bruselan egonik, eta abenduaren 3an ospatzen den egun horren leloa #mundiala dela jakinik, "Europako zelai zabalera begira" egin du hitzaldiaren zatirik esanguratsuena Baztarrikak.

"Hizkuntza europarra da euskara, eta bere biziraupena eta hazkuntza bermatzeko behar besteko tokia, habitat egokia, eraiki nahi diogu Europako beste hizkuntzen artean. Europeismoa da gure izpiritua. Gaztelaniarekiko eta Europako beste hizkuntzekiko osagarri hartzen dugu euskara, eta euskararen osagarri hartzen ditugu beste hizkuntzak", adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren izenean lankidetzarako eskaintza luzatu du Baztarrikak Europan. "Eusko Jaurlaritzak bere lankidetza eskaintzen du, euskararen kasuan metaturiko ezagutza eta praktika onak beste hizkuntza batzuen biziberritze prozesuetako eragileekin partekatzeko, eta hizkuntza biziberritzeko prozesuen dimentsio europarra sustatzeko", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea