Gizartea -

Nazioarteko Eguna

Puntu lilak Euskal Herrian zehar emakumeenganako indarkeriaren kontra

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaroaren 25erako, emakumeenganako indarkeria arbuiatzeko. Indarkeria horrek milaka eta milaka biktima eragiten ditu urtean.

Emakumeen aurkako indarkeria: Lourdesek 18 urteko amesgaiztoa bizi du

1:50

I.G. | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 25a, astelehena, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta, indarkeria mota hori arbuiatzeko asmoz, mundu osoko hainbat erakundek, elkartek, agintarik... makina bat ekitaldi eta mobilizazio deitu dituzte.

Puntu lila, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa, Euskal Herri osoko herri, hiri, eraikin eta lagunek jarriko dute ikusgai.

Eusko Legebiltzarrak puntu lila jarriko du eraikinaren aurrealdean, Gasteizen, indarkeria hori arbuiatzeko.

Arabako Foru Aldundiko Gobernuaren Kontseiluak elkarretaratze isila egingo du Aldundiaren Jauregiko eskaileretan.

ELA eta Euskadiko CCOO sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte. ELA Bilboko Arriaga Plazan izango da, 11:30ean. CCOOk margoz betetako puxikak jaurtiko ditu Cásate y se sumisa liburuaren azalaren kontra, Pio Baroja Plazan.

Euskal Herriko Bilgune Feministak hiriburu guztietan deitu ditu mobilizazioak. Bilbon, esaterako, manifestazioa abiatuko dute 19:30ean Arriaga Plazatik, 'Ez dut ausart sentitu nahi, aske sentitu nahi dut. Feminismoak aske egiten gaitu' lelopean.

EiTB, ekimenekin bat

EiTBk bat egingo du Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren aldarrikapenekin.

Radio Euskadin, adibidez, programazio berezia egingo dute horri lotuta. Besteak beste, tratu txarrak pairatu dituzten biktimen adierazpenak jasoko dituzte.

Horrez gain, ETBko kateetan eta eitb.com-en ikur bereziak egongo dira ikusgai.

Milaka emakume, zaintzapean

4.746 emakumek (575 Araban, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan) Ertzaintzaren babesa, maila desberdinetakoa, jasotzen dute emakumeen kontrako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurre egiteko, Segurtasun Sailaren arabera. Horren arabera, zifra hori aldatuz doa, baina azken urteetan gora egin du.

Ertzaintzak eskaintzen dituen babes neurriak biktimaren arriskuaren eta egoeraren arabera aldatzen dira; adibidez, bitkimek bere burua babesteko neurriak ikas ditzakete, edo, arrisku handieneko kasuetan, bizkartzain pertsonal baten babesa izan dezakete.

Kaltetuak babesteko, lan sistema oso landua duela azaldu du Ertzaintzak, herritarrak babesten dituzten unitate guztiek bat eginda osatzen den azpiegitura bati esker. Gainera, kontu horietan Europar Batasunean aitzindaria den Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, arriskuak ebaluatzeko tresna bat dute martxan.

Biktima gazteak

Gaztea, kasuen % 7n adingabea, eta bizkaitarra; hori da Euskal Autonomia Erkidegoan indarkeria matxistaren biktimaren profil ohikoena, Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak 2013ko lehen seihilekoan egindako txostenean jasotako datuen arabera.

Kasu gehienetan (% 27,9) biktimak 18 eta 30 urte artean ditu, eta kasuen % 7,6an adingabea da. Hala, biktimen % 35ek 30 urte baino gutxiago dituztela ohartarazi du Emakundek.

Lehen seihilekoaren datuek badute alde "positiborik". Bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako tratu txarren kopurua % 3,1 jaitsi da. Gipuzkoan izan dituzte datu onenak, mota honetako erasoek % 11 egin baitute behera. Araban, % 7,5ekoa izan da jaitsiera. Bizkaian, ordea, gora egin dute kasuek, % 2,7 hain justu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea