Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

EAEko ia 5.000 emakumek babesa jasotzen dute indarkeriagatik

2002tik, Ertzaintzaren tresna batek "errotik" egiten die aurre genero eta etxeko indarkeriari, eta biktima bakoitzak duen arriskua baloratzen du.

Ia 5.000 emakumek jasaten dute genero edo etxeko indarkeria EAEn.
Genero indarkeriagatik 88 emakume arrisku larrian daude

1:40

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

4.746 emakumek (575 Araban, 2.537 Bizkaian eta 1.634 Gipuzkoan) Ertzaintzaren  babesa, maila desberdinetakoa,  jasotzen dute genero edo etxeko indarkeriari aurre egiteko, Segurtasun Sailaren arabera. Sail horrek esan duenez, zifra hori aldatuz doa, baina azken urteetan gora egin du.

Ertzaintzak eskaintzen dituen babes neurriak biktimaren arriskuaren eta egoeraren arabera aldatzen dira;  adibidez, nork bere burua babesteko neurriak ikasi edo bizkartzain pertsonal bat izan dezakete biktimek.

Kaltetuak babesteko, lan sistema oso landua duela azaldu du Ertzaintzak, gizartea babesten duten unitate guztien bat egitean oinarritzen den azpiegitura bati esker. Gainera, kontu horietan Europar Batasuneko aitzindari den Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean, arriskuak ebaluatzeko tresna bat dute martxan.

Jokabide-prozedura

2002tik, Ertzaintzak jokabide-prozedurak araututa ditu, emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko. Urte horretatik aurrera, arazoari "errotik" heltzeko erreminta bat garatu du.

Segurtasun Sailak azaldu duenez, balizko erasotzaileen aurrean, biktima guztien babesa bermatzeko neurriak hartzea da Ertzaintzaren helburua, erasoa jasan eta gerora soilik lagundu ordez.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du babesa eskaintzeko orduan, Ertzaintzak ez duela bereizketarik egiten genero indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren artean. Biktimen zaintza bakoitzaren arriskuaren araberakoa izaten da.

Lehenengo larrialdiko kasua eta oinarrizko prebentzio neurriak hiritarren segurtasunerako ohiko zerbitzuek burutzen dituzte. Bigarren kasutik aurrera, atentzio iraunkorra eta pertsonalizatua, arriskuaren balorazioa eta bakoitzak behar dituen babes-neurriak hartzea polizia-etxeetako organo jakin batzuei dagozkie.

Segurtasun Sailak azaldu du Ertzaintzak biktima posible bat aurkitzen duenean, Etxeko Indarkeria/Genero Indarkeria espediente informatiko batean sartzen dituela datuak.

Hortik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa eskaintzen dio biktimari, dagokion arrisku-maila edozein dela ere. Ixteko baldintzak betetzen dituen arte, espedienteek zabalik jarraitzen dute. Espediente bakoitza instrukzio talde baten esku izaten da, eta kasuari buruz jasotzen duten informazio guztia bertan biltzen dute.

Egoeraren balorazioa

Segurtasun Sailak esan duenez, biktima bakoitzak duen arriskua baloratzea da jarraitzen diren pausoetatik lehena.

Egoera baloratu ostean, biktimak duen arrisku-maila zehazten da. Ertzaintzak lau kategoriatan banatzen du biktimak berriro erasoa jasateko duen aukera: Oinarrizkoa (oso baxua), Moderatua (aukeraren bat), Altua (aukera batzuk) eta Berezia (aukera asko).

Kasu bakoitza tarteka baloratzeak momentu bakoitzean beharrezkoak diren babes neurriak hartzea ahalbidetzen duela azpimarratu du Segurtasun Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea