Gizartea -
Emakunderen datuak
Indarkeria matxistaren biktimen % 35ek 30 urte baino gutxiago ditu
2013ko lehen seihilekoan % 27 egin du gora eraso sexualen kopuruak; bikotekideek emandako tratu txarrenak, berriz, % 3 jaitsi dira.
Erredakzioa
Gaztea, kasuen % 7n adingabea, eta bizkaitarra; hauxe da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) indarkeria matxistaren biktimaren profil ohikoena, Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak 2013ko lehen seihilekoaren datuak eskuan hartuta.
Kasu gehienetan biktimak 18 eta 30 urte artean ditu (% 27,9) eta kasuen % 7,6an adingabea da. Hala, biktimen % 35ek 30 urte baino gutxiago dituela ohartarazi du Emakundek.
Lehen seihilekoaren datuek badute ukitu "positiborik". Bikotekideak edo bikotekide ohiak egindako tratu txarren kopurua % 3,1 jaitsi da. Gipuzkoan izan dituzte datu onenak, mota honetako erasoak % 11 egin baitute behera. Araban, % 7,5koa izan da jaitsiera. Bizkaian, ordea, gora egin dute kasuek, % 2,7 hain justu.
Beste muturrean, emakumeen kontrako eraso sexualak daude, % 27,1 egin baitute gora, betiere 2012ko epe berarekin alderatuz gero. Hala, urtarrila eta ekaina bitarte emakumeen askatasunaren kontrako 131 eraso izan dira, 2012ko epe berean, 103.
Bereziki Bizkaian egin du gora eraso kopuruak (% ia 60); Araban, % 37,5ekoa izan da igoera. Gipuzkoan, aldiz, % 15 egin du behera.
Biktima gehienak gazteak ziren: 61 adingabeak (adin tarte honetan erasoak % 90 hazi dira) eta 44k 30 urte baino gutxiago zituzten (kasuen % 29,4).
Hori horrela, indarkeria matxistaren kontra "aktiboki" mobilizatzeko deia egin die herritarrei Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Horrez gain, Emakumeen kontrako Indarkeria gaitzesteko Nazioarteko Egunaren (azaroak 25) harira antolatutako ekitaldietan parte hartzeko eta arbuioa adierazteko puntu lila erabiltzeko gonbita egin du.