Gizartea -
Noos auzia
Castro epaileak Pedralbesko jauregiaren erdia bahitu dio Urdangarini
Francisco Camps eta Rita Barbera lekuko gisa deklaratzera deitu ditu instrukzio-epaileak, hilaren 16rako.
Erredakzioa
Jose Castro Noos auziko instrukzio-epaileak Pedralbesko jauregiaren erdia bahitu die Cristina infantari eta Iñaki Urdangarini, Palmako dukeak ez baitu ordaindu 8,2 milioi euroko bermea.
Pedralbesko jauregiaren erdiaz gain, epaileak Urdangarinen izenean dauden beste hainbat etxe ere bahitu ditu.
Urdangarinek Diego Torres bazkide ohiarekin batera ordaindu behar zuen bermea, baina azkenean ez du egin, eta, horregatik, bere ondasunen zerrenda igorri behar izan zion epaileari.
Bermea ezartzeko publikatutako autoan, Urdangarin eta Torres ez direla delituen "erantzule bakarrak" adierazi zuen Castro epaileak. Horren ildotik, Balearretako eta Valentziako agintariek ere erantzukizun handia dutela gaineratu zuen.
Camps eta Barbera, deklaratzera deituta
Bestalde, epaileak Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia eta Rita Barbera Valentziako alkatea deklaratzera deitu ditu, lekuko gisa, hilaren 16rako.
Hain zuzen ere, erakundeek Noos Institutuarekin sinatutako akordioen eta kontratuen nondik norakoak azaldu beharko dituzte. Kontratu horiek 3,6 milioi eurotik gorakoak izan ziren.