Gizartea -
Araban
Fiskaltzak salaketa jarri die Epsilon Euskadiko bi zuzendari ohiri
Ondasunak ezkutatzea leporatzen die. Jaurlaritzak 16 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Kutxabanki Epsiloni emandako bermeagatik. Enpresak 50 milioi jaso zituen kreditu eta diru-laguntzetan.
Erredakzioa
Arabako Fiskaltzak Epsilon Euskadiko Joan Villadelprat eta Mark Payne zuzendari ohiei salaketa jartzea erabaki du ustez ondasunak ezkutatzea egotzita, El Correo egunkariak ateratako informazioaren arabera. Villadelprat enpresako arduradun nagusia izan zen, eta Mark Payne, berriz, finantza-zuzendaria.
Iragan otsailean, Fiskaltzak ikerketa bat abian jarri zuen Villadelpratek eta Paynek enpresaren likidazioan egindako aztertzeko. Antza denez, delitu zantzuak antzeman zituzten.
Epsilon Euskadi Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen autoen teknologiaren esparruan nazioarteko erreferente izateko. Enpresa Miñaon jarri zuten eta likidazio prozesuan dago gaur egun.
Jaurlaritzak 16 milioi euro ordaindu behar izan zizkion Kutxabanki, Spri-ren bitartez, Epsiloni emandako bermeagatik. Enpresak 50 milioi jaso zituen kreditu eta diru-laguntzetan, gehienak Espainiako Gobernuak emanda.
8 milioi euroko galerak
Fiskaltzak ikertutako gertaerak iazko martxoan izan ziren. Momentu hartan, eta zorrek bultzatuta eta 8 milioi euroko galerei aurre egin ezinik, Epsilon Euskadik hartzekodunen aurrekonkurtsoa eskatu zuen.
Dirudienez, handik egun gutxira, enpresak kirol sail osoa saldu zion Epiz Racing izeneko konpainia bati. Epic Raicing aurreko hilabetean jaio zen eta Mark Payne zen kudeatzaile bakarra.
Horrez gain, Jaurlaritzak kirol saila ez saltzeko esan zion Villadelprati, baina honek ez zion kasurik egin. Ikerketaren arabera, salmenta 200.000 euroan egin zuten, baina Fiskaltzaren kalkuluek diotenez, saldutakoaren benetako balioa 1.1 milioi eurokoa zen.