Gizartea -
Noos auzia
Urdangarinen mezu elektronikoak argitaratzeko debekua, bertan behera
Diego Torresek, baina, debekatuta dauka mezu horiek zabaltzea.
Erredakzioa
Bartzelonako 46. auzitegiko epaileak bertan behera utzi du komunikabideek Iñaki Urdangarinen mezu elektronikoak argitaratzeko zuten debekua. Intimitate-eskubidea urratzen zutela argudiatuta, demanda bat jarri zuen Palmako dukeak.
Epaileak aintzat hartu du demandatutako komunikazio enpresa horiek kautelazko neurrien kontra jarritako helegitea, eta bertan behera utzi du mezu horiek argitaratzeko debekua.
Idatziaren arabera, ''ez da behar bezala zehaztu informazio eskubidea komunikabide zehatz batzuei zergatik mugatu behar zaien'', eta, horregatik, eskatutako neurri hori ''zalantzazkoa eta ez eraginkorra'' dela uste du epaileak, ''ez baitu bermatzen mezu horiek ez argitaratzea''.
Debekua, Torresentzat
Epaileak, baina, debekatu egin dio Diego Torresi Urdangarinen eta haren familiaren bizitza pribatuari aipamen egiten dioten mezuak zabaltzea. Hala, debekatu egin dio Palmako dukearekin eta haren familiarekin lotura duten mezuak ''agerian uztea, zabaltzea eta argitaratzea''.