Gizartea -

Zen4 gimnasioko krimenak

Ertzaintza shaolin faltsuaren anaiaren heriotza ikertzen ari da

Krimen Gaietarako Poliziaren Alorreko agenteak Aguilarren inguruan izandako hainbat gertakari aztertzen ari dira, hala nola anaiaren heriotza. Ustez, karga-jasogailu batek zanpatuta hil zen.

Ertzaintzako agenteak Juan Carlos Aguilarren gimnasiotik ateratzen. Argazkia: EFE
Ertzaintzako agenteak Juan Carlos Aguilarren gimnasiotik ateratzen. Argazkia: EFE
Ertzaintzako agenteak Juan Carlos Aguilarren gimnasiotik ateratzen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Aguilar shaolin faltsuaren eta Ada Ortuya eta Jenny Sofia Rebolloren ustezko hiltzailearen iragana ikertzen ari dira orain, Ertzaintzak azaldu duenaren eta El País egunkariak argitaratu duenaren arabera.

Krimen Gaietarako Poliziaren Alorreko agenteak Aguilarren inguruan izandako hainbat gertakari aztertzen ari dira, hala nola anaiaren heriotza. Ustez, karga-jasogailu batek zanpatuta hil zen, 1997an, gimnasioan.

Anaiaren bitartez ezagutu zuen Aguilarrek kung-fu borroka artea, eta, haren heriotzaren ostean, shaolin faltsuaren ospeak gora egin zuen eta hedabide guztietan ateratzen hasi zen. Hala ere, garai horretan, polemika ere eragin zuen, ikasle izandakoei obedientzia eta dirua eskatzen hasi zelako.

Ikerketan ari direnek EiTBri azaldu diotenez, Ertzaintzak etxean eta Juan Carlos Aguilarren gimnasioan atzemandako "material informatiko ugaria" aztertuko du orain. Horretarako, baimena eskatu diote epaileari.

Ada Ortuyaz eta Jenny Sofia Rebolloz aparte, Juan Carlos Aguilarren biktima gehiago izatea ez du erabat baztertu Ertzaintzak oraindik, eta hipotesi horrekin lanean jarraitzen dutela adierazi du Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak. Hala ere, zentzu horretan frogarik ez dagoela esan du Gabirondok, eta ikerketak luze joko duela gaineratu du.

Hori dela, Ertzaintza azken urteetan Bilbo aldean desagertu diren pertsonen datu-basea aztertzen ari da. Poliziaren aburuz, Aguilarrek etorkinak eta kalean lan egiten duten emagalduak bilatzen zituen. Hau da, etxez maiz aldatzen den jendea eta arrastorik uzten ez duena.

Elkarretaratzea larunbatean

Bilboko Udalak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako. Juan Carlos Aguilar shaolin faltsuaren bi biktimei eta Maria Angeles Lopez Marron adineko andreari elkartasuna adierazteko.

Elkarretaratzean parte hartzeko dei egin du Bilboko Udalak, hildako emakumeen adiskideei eta senitartekoei babesa emateko eta indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko apustua egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea