Gizartea -
Euskal eskola publikoa
Erlijioan matrikulazioak eragozteko 'bortxa' salatu du Munillak
Erlijioaren irakasgaia eskaintzen ez den zentro publikoetan "irregulartasunak" ikuskatzeko Administrazioaren "esfortzua" eskatu du Donostiako gotzainak.
Erredakzioa
Euskal eskola publikoan gurasoak euren seme-alabak erlijioan ez matrikulatzera behartu dituztela salatu du Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak. Irakasgaiaren eskaintzan "irregulartasunak" ikuskatzeko "esfortzu" bat eskatu dio gotzainak Administrazioari.
Munillak agerraldia egin du Donostian, Sara Iragorri erlijio irakaslearekin eta seme-alabak Euskadiko eskola publikoan erlijioan matrikulatu dituzten bi aitekin batera. Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren dekretua bertan behera utzi zuen iragan uztailean. Dekretu horrekin "erlijioaren irakasgaia ia desagertu zen" Batxilergoan, Munillaren ahotan.
Bestalde, erlijioan matrikulatzea nahi ez dutenentzako irakasgai alternatiboa zein izango den zehazteko eskatu dio Munillak Administrazioari.
Gainera, erlijioaren irakasgaia eskaintzen ez den zentro publikoetan "irregulartasunak" ikuskatzeko Administrazioaren "esfortzua" eskatu du Donostiako gotzainak; izan ere, seme-alabek erlijioa ikasi dezaten nahi duten gurasoen "borondatea ez dute errespetatzen".