Gizartea -
Biografia
Huang C. Aguilar, shaolin maisu iluna
Ustez emakume bat koma egoeran utzi du eta pertsona baten gorpuzkiak aurkitu dituzte bere gimnasioan.
Manu Gimenez
Huang C. Aguilar (1966, Bilbo) maisua Oceano de la Tranquilidad Bilboko monasterio budistaren fundatzailea da, eta Shaolin tenpluan maisu izendatu zuten lehenengo mendebaldeko pertsona da. Gaur egun, jomugan dago, bere gimnasioan tratu txarrak jaso zituen emakume bat hilzorian eta beste pertsona baten gorpuzkiak aurkitu ostean.
Bilboko arte martzialen gimnasioko ikasle batek Radio Euskadin azaldu duenez, atxilotuak tumorea du burmuinean, dibortziatuta dago eta bi seme-alaba ditu.
Juan Carlos Aguilar da bere jatorrizko izena, eta arte martzialen maisu ezaguna da, hainbat urtez munduko kung-fu txapeldun izan baita.
Monasterioaren webgunean agertzen denez, Aguilar maisuak urteak daramatza batzuentzat benetako budismoa, filosofia puruena, dena zabaltzen. Filosofia hori etengabeko asebetetzean datza, Bodhidharma patriarkak zabaldutako balore moral, etiko eta espiritualetan oinarrituta. Horretarako, Arco, Kung-Fu Shaolin, Tai Chi Chuan, Chi Kung, Yoga eta meditazioa erabiltzen ditu.
Hori horrela, harrigarria da monje shaolin bat, definizioz arima baketsua duena, izatea pertsona baten ustezko hiltzailea eta beste baten ustezko erasotzailea.
Gainera, elkarrizketaren batean azpimarratu du emakumeak oso indartsuak direla arte martzialen munduan, gizonezkoen gainetik egon izan direla.
Gizon mediatikoa, telebista-kate askotan eta Espainian audientzia handia zuten saioetan elkarrizketatu dute. Era berean, zeremonia budistetan parte hartzen zuen, txingarren gainean oinez ibiliz.