Gizartea -

Aurkikuntza Bilboko gimnasioan

Shaolin maisuak lehengo astean emakume bat hil zuela aitortu du

Bilboko gimnasio batean gorpuzkiak atzeman eta gero, atxilotutako maisuak "bakarrik" jokatu zuela azaldu du Ertzaintzak. Igandean jipoitutako emakumeak 29 urte ditu, eta Nigeriakoa da.

Erasoa Bilboko gimnasio batean gertatu da. Argazkia: EiTB
Erasoa Bilboko gimnasio batean gertatu da. Argazkia: EiTB
Gorpuzkiak aurkitu dituzte Zen4 gimnasioan

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Aguilar 47 urteko Shaolin maisu eta ustez Nigeriako emakume bat koman utzi duen gizonezkoak aitortu egin du lehengo astean emakumezko bat hil zuela, EiTBk jakin duenez. Hala ere, Segurtasun Sailak ez du datua konfirmatu eta epaileak sumario-sekretua ezarri du. Polizia-etxean egin ei du aitorpena.

Atxilotutakoaren gimnasioan, Ertzaintzak gorpuzkiak aurkitu ditu, zabor poltsetan. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuordeak azaldu duenez, gorpuzkiak pertsona batenak edo gehiagorenak ote diren aztertzen ari dira orain. Gorpuzkiak gizakienak direla ia segurutzat jo dute.

Bestalde, Europa Press agentziak ikerketako iturriak aipatuz esan duenez, susmagarriaren etxean ere gorpuzkiak aurkitu dituzte. Ikertzaileak Bilboko itsasadarrean ere bilatzen ari dira eta atxilotutakoaren etxea miatzeaz gain, azken orduetan gizonezkoa egon zen beste toki batzuk ere miatzen ari da Ertzaintza.

Ustezko erasotzailea Iturrizar kalean bizi da eta etxebizitzan hainbat objektu atzeman dituzte. Lekukoen aurrean miatu dute etxea; izan ere, atxilotutakoak ez du bertan egon nahi izan, ikerketaren iturrien arabera.

Halaber, Ertzaintzak gimnasioaren inguruko edukiontziak hartu ditu, auziarekin lotutako elementuak egon daitezkeelakoan. Bilboko zabortegian ere, Artiga mendian, zonaldetik datozen zaborrak banandu dituzte, "banan-banan aztertzeko". Ikerketa luzea izango dela aurreikusi du Lucio Cobos Ertzaintzaren zuzendariordeak.

SHAOLIN MAISUA

Zen4 gimnasioa Maximo Agirre kaleko 12 zenbakian dago, eta atzemandakoa borroka arteetan maisua da. Azken urteetan, gainera, hainbatetan elkarrizketatu dute telebistan, eta Ertzaintzan borroka klaseak eman zituen.

Lehen hipotesien arabera, atxilotutako maisuak "bakarrik" jokatu zuen. Horrenbestez, Zubiagak "lasaitasuna" eskatu dio gizarteari, ustezko hiltzailea atxilotuta dagoelako.

Atxilotutakoa duela 15 urtetik ezagutzen duen ikasle batek EiTBn esan duenez, maisua "bananduta dago eta bi seme-alaba ditu", eta "duela hainbat urtetatik tumore bat du buruan".

EMAKUME BAT, KOMAN ORAINDIK

Atzo arratsaldeko 15:40ak aldera, Ertzaintza gimnasio horretara bertaratu zen, hainbat herritarrek eraso baten berri eman eta gero. Ertzainek atea bota behar izan zuten bertara sartzeko, eta eskuak, hankak eta lepoa lotuta zituela aurkitu zuten emakumea.

Biktima 29 urtekoa da, Nigeriakoa, eta prostituzioan lan egiten du. Lehen ikerketen arabera, behartuta eraman zuen gizonezkoak gimnasiora, eta larrialdietako zerbitzuek suspertu eta gero, Basurtuko ospitalera eraman zuten. Koman dago oraindik.

Emakundek gogor salatu du Nigeriako emakumeak jasan duen "jipoi izugarria", eta indarkeria matxistarekin amaitzeko gizartearen eguneroko inplikazioa eskatu du.

Bestalde, Askabidek, prostituzioan aritzen diren emakumeei gizarteratzen laguntzen dien elkarteak, kolektibo hau "babes gabe" dagoela deitoratu du, eta elkarretaratze isila deitu du astearte honetarako (18:30; Fleming Doktorea plazan).

 

Bideoa: Atxilotutakoa borroka arteetan maisua da eta hainbatetan agertu da telebistan

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea