Gizartea -

Zentral nuklearra

Garoñari luzapena emateko oinarriak ezagutu nahi ditu De Andresek

Arabako ahaldun nagusiak Burgoseko zentral nuklearrari luzapena emateko txostenak ezagutzeko asmoa erakutsi du, "erabakia justifikatzeko oinarri sendoak izan behar direlako".

Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusia eta Anton Danborenea. Argazkia: eitbcom
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusia eta Anton Danborenea. Argazkia: eitbcom
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusia eta Anton Danborenea. Argazkia: eitbcom

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren ustiapena urtebetez luzatzeko baimena eman ostean, erabaki hori hartzeko txostenen oinarriak ezagutzeko asmoa erakutsi du Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak. Halaber, Jose Manuel Soria Industria ministroak azalpena ematea "egokia" izango litzatekeela azpimarratu du.

Arabako Batzar Nagusiek gaur Samaniegon egindako Lur Jareko osoko bilkuran parte hartu du De Andresek, eta EFEri egindako adierazpenetan Garoñari buruz mintzatu da.

'Ongi informatzea'

Horren harira, De Andresek azaldu duenez, Arabako Aldundiak "ez du eskumenik edo gaitasunik kasu honetan zer egin behar dena ebazteko", hori dela eta, "edozein erabakiaren aurrean, aldez aurretik ongi informatu behar gara, ondoren jarreraren bat edo bestea aukeratzeko".

"CSNk erabakia hartzeko txostenen oinarria ezagutu nahi dugu, izan ere, erabakia justifikatzeko oinarri horiek sendoak izan behar direlako", azaldu du ahaldunak. Halaber, CSNen ez dute erabakia aho batez hartu, eta horren arrazoia ezagutu nahi duela iragarri du.

Gainera, "Espainiako Gobernuaren eta horren azpijokoen aurrean, Arabako Batzar Nagusiek erantzun instituzionala eta soziala emateko prest egotea" eskatu du. Horren harira, lurralde horren "interesen defentsarako erabateko parte hartzea" eskatu dio Arabako Aldundiari.

Oposizioa, kontra

Arabako Batzar Nagusietan oposizioan dauden alderdi guztiek Garoñaren luzapenaren kontrako adierazpena onartu dute Samaniego herrian egindako bilkura berezian.

EAJko, Bilduko, Alderdi Sozialistako eta Ezker Batuko ordezkariek gobernu espainiarraren jokaera gaitzetsi dute eta herri borondateari uko egitea eta enpresa elektrikoen interesen aurrean makurtzea leporatu diote.

Araban agintean dagoen Alderdi Popularrak, ordea, ez du bat egin, eta beraz, ez da adierazpen ofizialik egon.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea