Gizartea -
Zentral nuklearra
EAJ, EH Bildu eta PSE-EE kritiko, Garoñari emandako luzapenarekin
PP eta UPyD alderdiak Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak hartutako erabakiaren alde agertu dira. Horien ustez, teknikoen irizpidea errespetatu behar da.
Erredakzioa
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak Garoñako (Burgos) zentral nuklearra ustiatzeko, Nuclenorri baimena berritzeko beste epe bat ematea erabaki zuen atzo. Gaur EAJ, EH Bildu, eta PSE-EE oso kritiko agertu dira Garoñari eskainitako luzapenarekin.
Radio Euskadiko larunbateroko tertulian parte hartu dute Joseba Egibar (EAJ), Juanjo Agirrezabalaga (EH Bildu), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Anton Damborenea (PP) eta Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkideek. Egibar, Agirrezabalaga eta Pastor erabakiaren kontra agertu dira, Damborenea eta Maneiro, baina, alde.
Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko osoko bilkurak gehiengoz onartu dute epea luzatze. Rosario Velasco eta Cristina Narbona PSOEko ordezkariek epea luzatzearen kontra bozkatu zuten; Fernando Castelló eta Fernando Martí PPko bi kideak eta Antonio Gurrí CiUko ordezkariak, berriz, Nuclenorrek egindako eskariaren alde egin zuten.
Hala, urtebete izango du Nuclenorrek zentralaren jarduna luzatzen duen erabakitzeko. Urte horretan, dena den, ez dute energiarik ekoiztuko.
Joseba Egibar jeltzalearen iritziz, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren erabakia ez dago arrazoi objektiboetan oinarrituta, eta zentral nuklearrak itxita egon beharko lukeela uste du. Horren arabera, PPk eta Nuclenorrek interes bera dute, eta Garoñaren aurrean "nahikoa da" esateko garaia da.
Jose Antonio Pastor sozialistak zalantzan jarri du erabakiaren legezkotasuna. Horren ustez, "duela zazpi hilabete bukatu zen luzapena eskatzeko epea, eta orain aitzakia bat erabil dute berriz irekitzeko".
Juanjo Agirrezabala EH Bilduko legebiltzarkideak lobby energetikoen interesak ikusten ditu erabakiaren atzean, eta gai honetan ere batuta, herri bezala, erantzuteko unea dela deritzo.
Antton Danborenea popularrak, aldiz, arrazoi politikoak utzita, txosten teknikoei erreparatzeko eskatu du.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak teknikoen erabakia errespetatzeko eskatu du.
Araba Garoñarik gabe ekimenak ekimena antolatu du eguerdian Gasteizen, zentral nuklearraren behin betiko itxiera eskatzeko.
Garoña ixteko eskatu du Gasteizko alkateak
Javier Maroto Gasteizko alkateak Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu du. Haren Twitter kontuan tuit bat idatzi du gauean: "Nire iritzia emateko eskatzen didazuenei. Beste behin esango dut: itxi dezatela Garoña orain".
Ez da Maroto Garoña ixtearen alde agertzen den lehen aldia.