Gizartea -
Zentral nuklearra
CSNk urtebete eman dio Garoñari luzapena eskatu ahal izateko
Hala, epe berria izango du Nuclenorrek zentralaren jarduna luzatzen duen erabakitzeko. Urte horretan, dena den, ez dute energiarik ekoiztuko. Zentrala ustiatzeko kontratua uztailaren 6an bukatzen zen.
Erredakzioa
Garoñako (Burgos) zentral nuklearra ustiatzeko baimena berritzeko beste epe bat eman dio Nuclenorri Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ostiral honetan, gehiengoz, CSNko iturriek jakitera eman dutenez. Uztailaren 6an bukatzen da, berez, zentralak jarduteko duen baimena.
Hala, urtebete izango du Nuclenorrek zentralaren jarduna luzatzen duen erabakitzeko. Urte horretan, dena den, ez dute energiarik ekoiztuko.
Rosario Velasco eta Cristina Narbona PSOEko ordezkariek epea luzatzearen kontra bozkatu dute; Fernando Castelló eta Fernando Martí PPko bi kideak eta Antonio Gurrí CiUko ordezkariak, berriz, Nuclenorrek egindako eskariaren alde egin dute.
Hala ere, CSNren baimenik gabe Garoñak ezin izango du erreaktorean erregairik sartu. Baldintza horrekin "lantegiko segurtasuna bermatu" nahi du CSNk.
Geldialdi seguruan eta erregairik gabe "egon beharko da zentrala". "Zentraleko segurtasuna bermatzeko CSNk jabeari baldintza hori jarri dio, erreaktorean erregairik ez sartzea", azaldu du Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak agiri batean.
Gobernuak eta Industria Ministerioak egindako presioa salatu du Cristina Narbona CSNko aholkulariak. Erakundeak erabakia hartzeko "epea eta modua onartezina" izan dela esan du Narbonak.
Nuclenorren eskaera
Orain astebete, 2012ko ekainaren 20ko agindua neurri batean bertan behera uztea eta zentrala ustiatzeko baimena berritu ahal izateko epea urtebete luzatzea eskatu zion Nuclenorrek Industria Ministerioari. Horren aurrean, eskaeraren inguruko erabaki bat eskatu zion Industria Ministerioak CSNri, eta eskaera aztertzeko lau aldiz bildu da aste honetan CSNko osoko bilkura.
Azkenean, luzapena eskatzeko Nuclenorri beste epe bat ematearen alde agertu da ostiral honetan.
Luzapenari uko egin zion aurretik
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak 2009ko uztailean onartu zuen Garoña behin betiko ixteko agindua, baina PPren Gobernuak bertan behera utzi zuen, eta zentralaren jarduna luzatzearen alde agertu zen.
Nuclenor, orduan, 2019ra arteko luzapena eskatzeari uko egin zion, jasangarritasun energetikorako neurri fiskalak biltzen dituen legeak jasotzen dituen tasa berriak ordaintzetik aske uzten ez bazuten.
2012ko abenduan sare elektrikotik deskonektatu zuten Garoña, nukleoaren erregaia husteko. Nuclenorrek orduan azaldutakoaren arabera, arrazoi tekniko edo politikoengatik baino, arrazoi ekonomikoak bultzatuta itxi behar zuten Garoña.
Erreakzioak
Garoñako zentrala "zaharkitua" dago eta "bizitza baliagarririk" ez du dagoeneko, kritikatu du Eusko Jaurlaritzak. Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua erabakiaren aurka azaldu da.
Arabako EAJ erabakiaren aurka azaldu da eta Ministroen Kontseiluak zentralari luzapena eman baino lehen arabarrei "entzuteko" eskatu dio Industria ministroari.
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkidearen ahotan, "energia berriztagarrietan oinarritutako eredu energetiko baterantz joateko beharrezko aldaketarentzako albisterik txarrena da".
Erabakia "aurreikus zitekeen, baina larria da", Eguzki kolektibo ekologistaren hitzetan. Zentrala "behin betiko ixtea" eskatu du talde ekologistak.