Gizartea -

Zentral Nuklearra

Araba Garoñarik Gaberen ustez, prebarikazioa legoke baimena luzatuta

Nuklearren kontrako plataformak Nuclenorren eskaria aztertzeko eskatu dio Fiskaltzari. Jaurlaritzak "baldintzak eta zenbat urte" izango liratekeen jakin arte "zuhur" jokatzea eskatu du.

Garoñako zentral nuklearra. Argazkia: EiTB
Garoñako zentral nuklearra.
Garoñako zentral nuklearra. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba Garoñarik Gabe plataformak uste du Nuclenorrek prebarikatu egingo duela Segurtasun Nuclearraren Kontseiluak (CSN) azkenean Garoñako zentral nuklearraren jarduteko baimena luzatzen badu. Hori dela eta, Fiskaltzari ikerketa abiatzeko eskatu dio.

Nuclenor enpresa da Garoñako zentral nuklearraren jabea, eta zentralaren jarduera beste urtebete luzatzea eskatu du. CSNk bihar erabakiko du baimena emango dion ala ez, izan ere, uztailaren 6an amaitzen da egun indarrean dagoen lizentzia.

Nuklearren kontrako plataformak Gasteizen emandako prentsaurreko batean salatu duenez, zentralak berriro ateak irekitzea "botere politikoa elektrizitate multinazionalen mende jartzea" izango litzateke.

"Herritarren segurtasunarekin eta bizitzarekin jolasten ari dira", zentralak ez baititu Fukushimako hondamendiaren ondoren ezarri ziren segurtasun baldintzak betetzen, plataformaren bozeramailearen esanetan.

CSNren sinesgarritasuna

Ekologistak Martxanek ezbaian jarriko luke "berriro" Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren sinesgarritasuna Garoñaren jarduera baimentzen badu.

"Garoña urtebetez, Nuclenorrek Gobernuarekin negoziatzen duen bitartean, geldialdi hotzean egotea baimentzen badu, aurrekari arriskutsua litzateke, Gobernuaren eta enpresen presioari men egitea izango litzatekeelako", adierazi du prentsa-agiri batean.

Jaurlaritza, zain

Eusko Jaurlaritzak "oso zorrotz" begiratuko ditu Garoñako zentralari eskatuko dizkioten "bermeak", uztailaren 6tik harago jarduteko baimena ematen badiote.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuak, gobernu-bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, "baldintzak eta zenbat urte" izango liratekeen jakin arte "zuhur" jokatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea