Gizartea -
Memoria historikoa
Frankismoan gatibu gisa lan egin zutenak omendu dituzte Oiartzunen
1939 eta 1942 artean 'Lan batailoi'etan parte hartu zutenak gogoratzeko, panel informatibo bat jarri dute gaur Arritxulon.
Omenaldia egin diete gaur Oiartzunen, frankismo garaian gatibu gisa lan egin zutenei.
1939. urtetik 1942.urtera arte 12.300 lagunetik gora erabili zituzten eskulan gisa Oarsoaldean, errepideak eta bestelako obra zibilak egiteko.
Memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten duen Kattin Ttiki elkarteak antolatu du omenaldia, Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ekitaldian izan da.
Orotara, 12.500 lagunek lan egin zuten Oiartzungo "lan batailoian". Guillermo Aizpuru azpeitiarra izan zen horietako bat, eta guztien izenean berak jaso du Kattin Ttiki elkartearen, Oiartzungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza.
Aizpuruk orduan pasatakoa ekarri du gogora: "Argirik eta urik gabe, eta ia janaririk gabe bizi ginen".
Udalean ekitaldia egin dute lehenengo, eta, ondoren, gertaturikoa gogoratzeko, panel informatibo bat jarri dute gaur Arritxulon.