Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Egoera kontrolpean egonda ere, ertzainburu batek oldartzea agindu zuen
'Gara' egunkariak ertzainen eta Deustuko ertzain-etxeko buruaren arteko elkarrizketen grabazioa publikatu du.
Erredakzioa
Iñigo Cabacas Athletic zale gaztea Ertzaintzaren pilotakada batek jota hil eta urtebetera, Polizia autonomikoaren buru batek egoera "kontrolpean" bazegoen ere oldartzea agindu zuela frogatu du Gara egunkariak publikatutako grabazio batek.
Hain zuzen ere, gau horretan, iazko apirilaren 5ean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalera (bertan jaso zuen pilotakada Cabacasek) bertaratu ziren ertzainen eta Deustuko ertzain-etxeko buruaren arteko elkarrizketen grabazioa publikatu du kazetak.
Grabazio horietan egiaztatu daitekeenez, lehen ertzainak ustezko borroka baten berri izan zutelako joan ziren Maria Diaz de Haro kalera, eta Deustuko ertzain-etxeari dena lasai zegoela esan bazioten ere, ertzainburu batek kale horretako "Herriko Tabernan sartzeko" agindu zien.
Agindu horren ondorioz, agenteak lehen aldiz oldartu ziren, eta erantzun gisa, hainbat pertsonak botilak jaurti zizkieten. Nolanahi ere, beste hainbat ertzain iritsi zirenean, egoera "kontrolpean" zegoela jakinarazi zioten Deustuko ertzainburuari.
Horren ostean, poliziek zantzu kezkagarriren bat sumatu zuten, baina berehala esku hartzeko arrazoirik ez zegoela berretsi zuten. Dena dela, Deustuko ertzain-etxeko buruak irmo erantzun zuen: "Errepikatu egingo dizkizut aginduak, argi gera daitezen: sar zaitezte kalezuloan, daukagun guztia erabilita, sar zaitezte Herriko Tabernan".
Une horretan, 23:40an, ertzainak bigarrenez oldartu ziren, lehen baino bortitzago. Karga horretan, hain justu, jaso zuen pilotakada Iñigo Cabacasek.
Karga hasi eta 50 segundura, "herritar bat" zaurituta zegoela jakinarazi zuten ertzainek, eta une horretatik bertatik, pilotakada baten ondorioz izan zitekeela aipatu zuten.