Gizartea -

Lehen urteurrena

'Basakeria' hura ez errepikatzeko eskatu du Iñigo Cabacasen aitak

Ehunka pertsona Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan bildu dira, Bilbon. Athleticeko jarraitzaile gazteari omenaldi hunkigarria egin diote eta Justizia eskatu dute lehen urteurrenean.

Iñigo Cabacasi omenaldia. eitb.com
Iñigo Cabacasi omenaldia. eitb.com
Justizia eskatu dute Iñigo Cabacasen omenaldian

0:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Cabacasi Ertzaintzaren gomazko pilota batek jo eta hil zen duela urtebete. Arratsaldean senitartekoek eta lagunek zale zuri-gorriari omenaldia egin diote Bilbon. Biktimaren aitak horrelako "basakeriarik" ez errepikatzeko eskatu du omenaldian.

"Ez da berriro errepikatu behar, batekin nahikoa da", adierazi du Manuel Cabacasek

Ehunka pertsona Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan bildu dira gaur, Bilbon. Athleticeko jarraitzaile gazteari omenaldi hunkigarria egin diote, eta Justizia eskatu dute lehen urteurrenean.

Semeak Basurtoko ospitalean eman zituen lau egunetan erakundeek biktimaren familia "bakarrik uztea" ez duela ulertzen esan du Manuel Cabacasek. Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria gogor kritikatu du hildakoaren aitak, Cabacasen heriotza "istripua" izan zela esateagatik.

"Bielsak esan bezala, aintzakotzat nor ezin dudan hartu badakit", adierazi du Athleticeko entrenatzailearen hitzak erabiliz. Entrenatzaile zuri-gorriak Athleticeko presidenteordearen adierazpenak mintzagai izan zituen.

Ertzaintzaren pilotakada jaso zuenean semea artatu zuen Malagako gazteari eskerrak eman dizkio Manuel Cabacasek. Emakume gaztea Bilbora etorri da gaur, omenaldian senitartekoekin izateko.

"Besoetan hartzeagatik eta zakur bat bezala lurrean hiltzen ez uzteagatik eskerrak ematen dizkiot. Nire semea ez zen sekula arazoetan sartu eta ez zuen horrelako heriotzarik merezi", esan du.

Aldez aurretik, Cabacasen lehengusin batek eta osaba batek hitza hartu dute ekitaldian. Malko artean Justizia, duela urtebete gertatutakoa argitzea eta errepikatuko ez dela "bermatzeko" eskatu dute biek. Poliziaren ekiteko modua aldatzea "Iñigori omenaldirik onena" izango litzatekela uste dute.

Cabacasen oroimenez plaka bat jarri dute kalean. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidea ekitaldian izan dira.

Iñigo Cabacasen aurpegiarekin horma-irudi bat egin dute eta Ion Maia bertsolariak bertsoak abestu ditu biktimaren oroimenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea