Gizartea -
Dokumentazioa
Noos auzia: Nor da nor?
Errege Etxea astindu duen ustelkeria kasuaren protagonistak eta inputatu nagusiak.
D. P. / A. A.
- Jose Castro, Noos auziko instrukzio-epailea. Castrok Iñaki Urdangarin eta Cristina infanta inputatu ditu eta ez du orain arte sakratua izan den Errege Etxea ukitzeko beldurrik izan. Palma Arena auziaren ikerketan, Noos Institutuaren irregulartasunak topatu zituen.
- Pedro Horrach, ustelkeriaren aurkako fiskala. Castro epailearekin elkarlanean aritu da Noos Institutuko azpijokoak argitzeko. Hala ere, infantaren inputazioaren aurkako helegitea aurkeztu du; izan ere, erregearen alabaren aurkako zantzurik ez dagoela uste du.
- Diego Torres, Noos Institutuko kudeatzailea eta ustelkeria sarearen ustezko burua. Inputatua. Torresek urtebete darama Urdangarin, Cristina infanta eta Juan Carlos erregea tartean zeudela erakusteko Castro epaileari emailak ematen.
- Iñaki Urdangarin, Palmako dukea eta, 2006ra arte, Noos Institutuko presidentea. Inputatua. Ustez, kontaktuak eta dirua (publikoa eta pribatua) lortzen zituena zen. Dirua bidegabe erabiltzea, iruzur egitea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikatu izana egotzi dizkio epaileak.
- Cristina infanta, Urdangarinen emaztea eta Noos Institutuko Administrazio Kontseiluko batzordekidea. Inputatua. Urdangarin Noosen jardueretatik kanpo uzten saiatu den arren, Torresek erakutsitako mezu elektronikoen arabera, negozio irregularretan parte hartu du.
Jose Castro epailea./EFE
- Ana Maria Tejeiro, Diego Torresen emaztea eta Noos Institutuko zuzenbide eta zerga sailaren arduraduna. Fiskaltzak Suitzatik 282.000 euro eskudirutan atera izana leporatu dio.
- Carlos Garcia Revenga, infanten idazkari pribatua eta Noos Institutuko diruzaina. Horren izena Torresek aurkeztutako mezu elektroniko batzuetan agertu zen.
- Mario Pascual Vives, Iñaki Urdangarinen abokatua. Palmako dukearentzat lanean hasi zen arte, ezezaguna zen. Bartzelonako metroa eraikitzeko lanek Carmel auzoan eragindako kalteen auzian parte hartu zuen lehenago.
- Jose Manuel Romero, Fontaoko kondea eta erregearen zuzenbide aholkularia. Ez dute inputatu, baina epailearen aurrera eraman zuten erregeak Urdangarini Noos Institutua uztea agindu zion argitzeko.
Diego Torres eta Ana Maria Tejeiro emaztea./EFE
- Jaume Matas, Balear Uharteetako presidente ohia. Matasen Gobernuak turismoari eta kirolari buruzko foru batzuk antolatzea eskatu zion Noos Institutuari eta 2,3 milioi euro ordaindu zituen.
- "Pepote" Ballester, Balear Uharteetako Kirol saileko zuzendari ohia. Inputatua. Hedabideek argitaratu dutenaren arabera, Fiskaltzarekin akordio batera iritsi zen eta instrukzio-epaileari auzirako informazio garrantzitsua eman zion.
- Mario Sorribas, Noos Institutuko idazkaria eta Urdangarinen eta Cristina infantaren Aizoon enpresako ahalduna. Inputatua.
- Salvador Trinxet, Iñaki Urdangarinentzat eta Diego Torresentzat Belizeko paradisu fiskalean enpresa bat sortu zuen abokatua. Inputatua.
- Beste inputatu batzuk: Juan Carlos Alia, Miguel Tejeiro, Marco Tejeiro, Gonzalo Bernal, Jorge Vela, Jose Manuel Aguilar, Elisa Maldonado, Isabel Villalonga, Mª Angeles Mallent Añon eta Miguel Zorio.