Gizartea -
Ikerketa
Lamarca: 'Prozesua ez da ondo garatu Cabacasen auzian'
Arartekoaren esanetan, "urtebeteren ostean gertakaria oraindik argitu gabe egotea eta oraindik ardura administratibo edo politikorik ez egotea, ez da egokia".
Erredakzioa
Iñigo Lamarca arartekoak ohartarazi du Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota hil zen Iñigo Cabacas Athleticzalearen auzian prozesua ez dela "ondo garatu".
"Urtebeteren ostean gertakaria oraindik garbitu gabe egotea eta oraindik ardura administratibo edo politikorik ez egotea ez da egokia", azpimarratu du Arartekoak Onda Vascan egindako elkarrizketa batean.
"Sistema demokratikoak" ez duela "ongi funtzionatzen" aitortu ostean, Lamarcak espero du gertatutako argitzen joango dela; izan ere, urtebete igaro da, "gehiegi", eta familiak oraindik ez du azalpenik jaso.
Lamarcaren ustez, pilotazko goma batek pertsona bat hil ostean "berme sistema eta ikerketa guztiak jarri behar ziren martxan", ez bide judiziala bakarrik.
Horren harira, zigorra norbanakoak jasoko duela eta pilota jaurti zuenaren ardura dela onartu du, baina "protokoloak bete ote ziren jakiteko" ikerketa alor gehiago daudela gaineratu du.