Gizartea -
Dirua zuritu duelakoan
Angel Sanchis PPko diruzain ohia inputatu du Ruzek Gürtel auzian
PPren diruzain ohiak dirua zuritu ote zuen argitu nahi du Gürtel auzia zuzentzen duen epaileak.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalean Gürtel auzia zuzentzen duen Pablo Ruz epaileak Angel Sanchis PPko diruzain ohia inputatu gisa deklaratzera deitu du apirilaren 10erako, dirua ustez zuritzea egotzita.
Alianza Popularren diruzaina izan zen 1982 eta 1987 urteen artean, Alvaro Lapuertak eta Luis Barcenasek kargu bera izan baino lehen. Azken bi hauek ere Gürtel auzian inputatuta daude.
Ruzen arabera, behin Barcenasen inguruko ikerketa ezagututa, Suitzako dirua ezkutatzen lagundu omen zuen Sanchisek.
Halaber, gaur eman duen epaian, Luis Barcenasekin eta Francisco Correa Gürtel azpijokoko ustezko buruzagiarekin lotutako kontuak blokeatu ditu epaileak.
Genevako Dresdner Bank banketxeko dirua ezkutatzen laguntzeagatik deitu dute deklaratzera. Barcenasen kontua kitatzeko joan omen zen bertara, Argentinan zuen limoien enpresan inbertitzera zihoala esanez.
Espainiako justiziak eskatutako erreguzko mandatua argitaratu zenean, Luis Barcenasek Suitzan zuen kontua ikustera joan zela jakin zen. Sanchisek esan zuenez, ez ziren inoiz bazkide izan eta Barcenasek ez zuen inoiz bere enpresetan lan egin.
Hala ere, Dresdner Bank banketxearen "barne ohar" batean azaltzen denez, 2009ko otsailaren 20an, Barcenasek "Argentinako limoien enpresan eta higiezinen ondasunetan inbertitzea" erabaki zuela esan zien Sanchisek (guztiak azken horrek enpresak ziren).
Halaber, "kontua kitatzeko aukerak" zeintzuk ziren galdetu zien Angel Sanchisek, "esku-dirutan edo transferentzia bidez jasotzeko".
Mugimendu hauek guztiak Gürtel auziko atxiloketekin batera hasi ziren, auzian Luis Barcenas inputatuta baitzegoen.