Gizartea -
Bilera
Malvinetako gatazkan bitartekotza eskatu dio Kirchnerrek aita santuari
Aita santuak estatuburu batekin egin duen lehen bilera da. Frantzisko pontifizea "lasai, seguru, bare eta bakean" ikusi duela azaldu du Fernandez de Kirchnerrek.
Erredakzioa
Malvina uharteen gatazkaren inguruan Erresuma Batuaren eta Argentinaren arteko elkarrizketa bideratzeko Frantzisko aita santuaren bitartekotza eskatu du gaur Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak Erroman.
Fernandezek pontifize berriarekin gosaldu du. "Argentinarrentzat gai oso sentibera da", azaldu du Fernandezek, eta aita santuari "bere bitartekotza" eskatu dio, "Malvinetan elkarrizketa lortzeko".
Bestalde, Frantzisko pontifizea "lasai, seguru, bare eta bakean" ikusi duela azaldu du Fernandez de Kirchnerrek. "Vatikanoa zuzentzeko lan handiaren aurrean arduratsu" aurkitu duela erantsi du. "Aldatu beharreko gauzak aldatzeko konpromisoa du, keinuekin eta jarrerekin orain arte azaldu duenez, eta berak erabaki beharreko beste gai batzuetan ikusiko da", esan du.
Frantzisko aita santua, joan den martxoaren 13a arte Buenos Airesko artzapezpiku zena, Cristina Fernandez de Kirchnerrekin bildu da astelehen honetan. Estatuburu bati egin dion lehen harrera da gaurkoa.
20 bat minutuz bildu dira Argentinako presidentea eta aita santu berria, baina Vatikanoak ez du bileraren inguruko xehetasun gehiagorik eman eta bilkura "pribatua" izan dela azaldu du.
"Argentinari eta bere presidenteari zuzendutako adeitasun keinu bat da", adierazi du Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak. Halaber, aita santuaren herrialdeko presidentea badator, gainerako ordezkaritzekin alderatuta, harrera "desberdina" egitea "naturala" dela esan du.
Vatikanoko bozeramaileak ez dela Estatu bilera bat azpimarratu du, Argentinako herriari "adiskidetasun eta adeitasun keinu bat" baizik.
Frantziskok Santa Martako egoitzan egin dio harrera Argentinako presidenteari, konklabeak iraun duen bitartean kardinalek ostatu hartu duten tokian, alegia. Aita santua bertan dago, oraindik ez baita Vatikanoko Jauregi Apostolikora joan.
Harreman tirabiratsua Kirchnertarrekin
Aita santuak Buenos Airesko artzapezpiku zen garaian harreman tirabiratsua izan zuen Kirchnertarrekin, abortuaren eta ezkontza homosexualen legeak onartu eta gero, batik bat.
Orduan presidente zen Nestor Kirchnerrek, 2010eko urrian zendu zenak, 1810az geroztik tradizioa zena apurtu zuen, hau da, maiatzaren 25ean Buenos Airesko Katedralean egiten den tedeum mezara ez joatea erabaki zuen.
Bergoglio eta Fernandez de Kirchner 2010etik bildu gabe zeuden.
Aitasantutzaren hasierako meza eta arrantzalearen eraztuna
Cristina Fernandez aitasantutzaren hasierako mezan izango da bihar, martxoaren 19an. Frantzisko aita santuak, meza amaitu eta gero, herrialde guztietako ordezkariei San Petriren basilikan harrera egiteko asmoa du.
Aurretik, plazan barrena ibilbidea egingo du Frantziskok, papamobilean edo San Petri plazako harrera publikoetan erabili ohi den "jeep" berezian. Ibilbidea 08:45ean (07.45 GMT) hasiko da, eta ordu erdikoa izango da, Orduan, San Patri basilikan sartuko da aita santu berria, mezarako jantzi eta San Petriren hilobian otoitz egiteko.
Ondoren, plazan bertan, estola eta arrantzalearen eraztuna jarriko dizkiote, saitasantutzaren sinbolo.
Aita santuaren ezkutuaren leloa
"Miserando atque eligendo" ("Errukiz begiratu zuen, eta aukeratu egin zuen'') leloa aukeratu du Frantzisko aita santuak bere ezkuturako. Bertan, Jesusen Konpainiaren ikurra izango da ikusgai, eguzki baten gainean.
130 herrialdetako ordezkariak
Aurreikuspenen arabera, milaka lagun eta 130 herrialdetako ordezkariak izango dira bihar mezan. Espainiako ordezakaritzako buruak Asturiaseko printze-printzesa izango dira, eta Eerroman izango dira, baita ere, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea, eta Atzerri, KJstizia eta Barne Ministerioetako buruak.
Hala, Mariano Rajoy eta Alberto Ruiz-Gallardon Italiako hiriburura iritsi berri dira, eta bertan zegoen jada Jose Manuel Garcia-Margallo. Jorge Fernandez Diaz Asturiaseko printze-printzesekin batera iritsiko da.
Igandean dozenaka mila lagun elkartu ziren Erromako San Petri plazan Frantzisko aita santuaren lehen angelusa entzuteko.