Gizartea -
Kongresuan
CNI inteligentzia agentziak Corinnarekin dituen loturak azalduko ditu
Espainiako erregearen laguna den Corinna printzesak elkarrizketa batean Gobernuarentzat "sekretupeko lanak" egin zituela esan ostean egingo du agerraldia Kongresuan CNIko zuzendariak.
Erredakzioa
Felix Sanz Roldan Espainiako CNI inteligentzia agentziaren zuzendaria Kongresuan egongo da martxoaren 19an, sekretu ofizialen batzordean, besteak beste, Corinna zu Sayn-Wittgenstein printzesarekin izan dituzten loturak argitzeko.
Parlamentuko iturrien arabra, Kongresuko Bozeramaileen Batzordean adostu dute data, hainbat taldek eskatuta, tartean Izquiera Unidak; izan ere, Corinna printzesaz hitz egiteko CNIko zuzendariaren agerraldia eskatu zuen.
Espainiako erregearen laguna da Corinna printzesa eta elkarrizketa batean esan zuenez, Gobernuarentzat "sekretupeko lanak" egin zituen. Adierazpen horiek hautsak harrotu zituzten eta Ricardo Sixto Valentziako IUko diputatuak CNIko zuzendariaren agerraldia eskatu zuen Kongresuan, "lan horietarako Estatuaren baliabideak erabili ziren ala ez argitzeko".
Jose Luis Centella Izquierda Plural taldeko bozeramaileak esan duenez, "herriak eskubidea du emakume honek goi-kargudunekin izan duen papera zein izan den jakiteko".