Gizartea -
Kalitatea Hezkuntzan sariak
Urkulluk lehentasuna emango die hezkuntzako inbertsioei
Lehendakariaren esanetan, "hezkuntza herri mailako erronka da" eta, "baliabideak urriak" diren arren, lehentasunezkoa izango da "etorkizunari begira inbertitzea".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Eusko Jaurlaritzarentzat "hezkuntza herri mailako erronka" dela eta, "baliabideak urriak" diren arren, "lehentasuna" emango diela hezkuntzako inbertsioei, "etorkizunean eta garapenean inbertitzea" dela iritzita.
Urkullu Kalitatea Hezkuntzan sareak ematen dituen sarien banaketa ekitaldian izan da Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera, berrikuntza alorrean eskolek egin duten lana goraipatzeko.
Lehendakariak ekitaldian hitza hartu duenean azaldu duenez, "hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren apustua" da, "garapenerako eta aurrera egiteko oinarrizko zerbitzua" delako.
Hori horrela, "momentu txarrean" eta baliabide urriekin daudela onartu badu ere, euskal gizarteak aldarrikatzen duen "lehentasuna" emango diote hezkuntzari, "etorkizunean inbertitzea" baita.
Urkulluk gogorarazi du hezkuntza sektorean hasi zuela berak ibilbide profesionala, eta sektoreko langileek "kalitatezko irakaskuntzarekin, parte-hartzearekin eta etengabeko hobekuntzarekin" duten konpromisoa azpimarratu du.