Gizartea -
Noos auzia
Erregearen babesa zuela azpimarratzen zuen Urdangarinek
Hala agertzen da Diego Torres Urdangarinen bazkide ohiak larunbatean Epaitegian aurkeztu zituen mezu elektronikoetan, El Pais egunkariak jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Iñaki Urdangarinek Espainiako erregearen babesa zuela azpimarratzen zuen Noos Institutuarekin lotutako negozioak egiterakoan, Diego Torres Palmako dukearen bazkide ohiak Auzitegian aurkeztu dituen mezu elektroniko batzuetan agertzen denez.
El Pais egunkariak zabaldu duen informazio horren arabera, Palmako dukeak zioen Juan Carlos Espainiako erregearen babesa zuela Kopa Amerikaren 33. Edizioan espainiarrek beste talde bat edukitzeko. Erregeak babeslea lortu omen zion Urdangarini beste talde baten parte-hartzea finantzatzeko.
Egunkari espainiarrak zabaldutako mezu elektroniko horietako bat Pedro Perello regatistari zuzendu zion Urdangarinek, eta bertan azaltzen zuenez, "SMk ('su majestad') berriro esan dit proiektuak aurrera egiteko irrikaz dagoela".
Era berean, iragan asteburuan Auzitegian aurkeztutako dokumentu horiek agerian uzten omen dute Carlos Garcia Revenga infanten idazkariak Noos Institutua kudeatzen zuela: Nazioarteko Batzorde Olinpikoaren mezu bat bidaltzen dio Urdangarini gaztelaniara itzulita, Sao Paulorako hegaldiak bidaltzen dizkio, ekintaldietara joateko gonbidapenei nola erantzun azaltzen dio, etab.