Gizartea -

LOMCE

Aditu talde batek hezkuntza-erreformaren kostuak aztertuko ditu

Eusko Jaurlaritzaren ustez, “bideraezina” da erreforma krisi garaian martxan jartzea, eta legearen aurka azaldu da, “eskumenen banaketa kontuan hartzen ez duelako”.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE
Jose Ignacio Wert
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak esan duenez, Hezkuntzan eta autonomia erkidegoetan aditua den talde batek hezkuntza-erreformaren eraginak aztertuko ditu, zerbitzuaren gastuak zenbatzeko. Aldaketa 2014an indarrean sartzea aurreikusi dute.

Wertek neurri horren berri eman du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoari buruz egindako bosgarren bileran. PPk gobernatzen dituen 11 erkidegoen babesa jaso du, PSOEren esku daudenetako (Andaluzia, Asturias eta Kanariak) ordezkariek errefusatu egin dute, baita Euskadik ere: luzamendua eskatu du, kostu ekonomikoa aztertzen jarraitzeko.

Hezkuntza-erreformaren Memoria Ekonomikoaren arabera, hori ezartzeak 408 milioi euroko kostua izango du Estatuarentzat, hiru urtean. Lehenengo urtean, 23 milioi izango lirateke, 130 milioi bigarrenean eta 255 hirugarrenean; "ondorio ekonomikoak ez ziren 2016a baino lehen iritsiko", Wertek azaldu duenez.

Autonomia erkidegoei zeharkako kostuak dagozkie hasiera batean, eta Lanbide Heziketako ikasle kopuruaren balizko igoerak zehaztuko du hori. Egun, eskola uzten duen ikasle kopurua % 26,5ekoa da.

Euskadik "bideraezintzat" hartu du erreforma martxan jartzea

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa errefusatu du. eta "bideraezintzat" hartu du egungo krisi ekonomikoko egoeran martxan jartzea.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroarekin eta autonomietako kontseilariekin hezkuntza-erreformaren kostuari buruz aritzeko bildu ostean egin ditu Uriartek adierazpen horiek.

Sailburuak azaldu duenez, Ministerioan araua onartzeko luzamendua eskatu du, baina eskaera errefusatu dute, eta Estatuko Kontseilura bidaliz izapideek jarraitu egingo dutela esan diote.

Uriarte legearen aurka azaldu da, besteak beste, "erreformak eskumenen banaketa eta euskararen tratamendua kontuan hartzen ez dituelako".

Halaber, Gobernuak egindako legearen analisi ekonomikoak ez dituela erkidegoen errealitate ezberdinak kontuan hartzen kritikatu du Hezkuntza sailburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea