Gizartea -
Noos auzia
Eta Urdangarinek bermea ordainduko ez balu, zer?
Palmako dukeak bost eguneko epea du 8,1 milioi euroko bermea ordaintzeko.
Erredakzioa
Jose Castro Noos auziko epaile instruktoreak bost eguneko epea eman die Iñaki Urdangarin Palmako dukeari eta Diego Torres horren bazkide ohiari, 8,1 milioi euroko erantzukizun solidarioko berme zibila ordaintzeko.
Alabaina, zer gertatuko litzateke ordaintzen ez balute? Kartzela joango lirateke? Erantzuna: Ez.
Xabier Gurrutxaga abokatuak Euskadi Irratian azaldu duenez, berme honen helburua akusatuek ustez Ogasun Publikoari ostutako dirua itzultzea da: "Gerta daiteke epaiketa egin, epaia atera eta kondenatuak izan eta gero, akusatuak insolbente izatea. Hori saihestu ahal izateko, epaileak neurri kautelar zibil hau jarri du".
Urdangarinek eta Torresek bermea ordaintzen ez badute, ondasunak bahitu egingo dizkiete.
Gurrutxagak zehaztu duenez, kautelazko bi neurri mota daude: penala (kartzelatzea ekar lezake, eta egotzitako delitua oso larria denean edota, adibidez, akusatuak ihes egiteko arriskua dagoenean ezartzen da) eta zibila (erregearen suhiari ezarritakoa).
"Kasu honetan, delitua leporatzeaz gain, esaten dena da Urdangarin eta Torres diru publikoaz jabetu zirela bidezkoa ez den moduaz; ez da bakarrik delitua egitea, baizik eta kaltedun bat ere badagoela: gizartea, Ogasuna".
Hain zuzen ere, bi akusatuek Ogasun Publikoari egindako kaltea 8.189.448 eurokoa dela kalkulatu du Fiskaltzak. Horregatik Castrok agindutako bermea.