Gizartea -

Palman

Epaileak Espainiako infanten idazkaria inputatu du Noos auzian

Carlos Garcia Revengak otsailaren 23an deklaratu beharko du, Urdangarinekin batera, Noos Institutuaren diruzaina izan zelako.

Carlos Garcia Revenga Espainiako infanten idazkaria. Argazkia: Efe
Carlos Garcia Revenga Espainiako infanten idazkaria.
Epaileak Espainiako infanten idazkaria inputatu du Noos auzian

0:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Castro epaileak inputatu gisa deitu du deklaratzera Carlos Garcia Revenga Elena eta Cristina Espainiako infanten idazkaria, Noos Institutuaren inguruko ikerketaren barruan.

Urdangarinekin batera deklaratuko du Garcia Revengak otsailaren 23an, aipatu institutuak diru-publikoa gaizki erabili ote zuen ikertzeko prozesuan. Izan ere, Garcia Revenga Noos Institutuaren diruzaina izan zen.

Ofizioz deitu dute deklaratzera, instrukzio epailearen probidentzia baten bitartez, eskaririk gabe.

Diego Torresen abokatua

Diego Torres Noos Institutuko presidente ohiaren abokatuak idatzi bat aurkeztu zuen aurreko astean Epaitegian, institutuak "dena" Espainiako infanten idazkariari galdetzen ziola jakinarazteko.

Idatzi horrekin batera Urdangarinek eta Garcia Revengak elkarri bidalitako e-mail sorta bat helarazi zion epaileari. E-mail horietan agerian geratzen omen da infanten idazkariak institutuaren kudeaketan izan zuen partehartzea, Torresen abokatuak azaldu zuenez.

Errugabea zela esan zuen

Espainiako infanten idazkariak errugabea zela esan zuen urtarrilaren 24an, agiri batean: "Auzian ikertzen ari diren jardueretan errugabea naizela aitortzen dut".

"Noos Institutuaren diru-zain izan nintzen arren, ez nuen baimendutako sinadurarik diru kontuetan, ezta dirua kudeatzeko edo zenbatzeko botererik. Gainera, inolaz ere ez dut etekinik lortu, ez zuzenean, ez zeharka", adierazi zuen agirian.

Era berean, Garcia Revengak epaiketan deklaratu nahi zuela esan zuen, auziarekiko zuen harremana azaltzeko.

Erret Etxea

Espainiako Erret Etxeak ez du adierazpenik egingo Garcia Revengaren inputazioaren inguruak informazio gehiago izan arte, zeren inputatuak berak oraindik ez omen du jaso epailearen zitazioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea