Gizartea -
Nóos auzia
Iñaki Urdangarin webgune ofizialetik kendu du Erregearen etxeak
2011ko abenduan dukea ekitaldi instituzionaletatik kanpo utzi zuten "ereduzko jarrera ez izateagatik", eta webgunetik kentzea bide horretan emandako beste pauso bat da.
Erredakzioa
Erregearen etxeak Iñaki Urdangarinen "atal pertsonala" kendu du webgune ofizialetik, Palmako dukearengandik "aldentzeko politikari" jarraituta. Urdangarin 2011n baztertu zuten Erregearen etxeko ekitaldi ofizial guztietatik, eta otsailaren 23an epailearen aurrean deklaratzera deituta dago.
Erregearen etxeak aditzera emandakoaren arabera, Palmako dukea webgunetik kentzeko erabakiak ez dauka zerikusirik aste honetan zenbait hedabidek zabaldutako Diego Torres Urdangarinen kide ohiaren mezu elektronikoekin.
Hala ere, larunbat honetan webgunetik kentzeko hartutako erabakia 2011ko abenduan emandako mezua indartzeko beste keinu bat bezala ikusten da. Orduan Urdangarik ekitaldi ofizial guztietaik kanpo utzi zuen Erregearen etxeak "ereduzko jarrera ez izateagatik". Mezu horri heldu nahi dio Erregearen etxeak, nahiz eta Urdangarin familiako kide izaten jarraitzen duen, Cristina infantarekin ezkonduta egoteagatik.