Gizartea -
Donostian
Munilla: 'Ustelkeria gaur eguneko gaitz nagusienetarikoa da'
Igande honetan izandako Meza Nagusian Donostiako gotzainak deitoratu duenez, "iruzurraren susmoa kiroletara ere zabaldu da".
Erredakzioa
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak igande honetan azpimarratu duenez, "ustelkeria gaur eguneko gaitz nagusienetarikoa da, eta horrek bigarren gaitz morala ekarri dezake, mesfidantza nagusitzea, hain zuzen ere". Donostiako Santa Maria Basilikan izandako Meza Nagusian egin ditu Munillak adierazpen hauek.
Donostiako gotzainaren arabera, "herritarrei konfiantza itzultzeko beharrezkoa da hori kontrolatzeko neurriak abiatzea". Gauzak horrela, "mesfidantzak edo zinismoak herritarrak erakartzeko arriskuaz" ohartarazi du.
"Ustelkeriarekin lotutako albisteak agertu ohi dira komunikabideetan", esan du Munillak, "ez legezko aberastasuna lortzeko tentazioa dagoela eta inork ezin diola horri muzin egin zabaldu da sarritan". Halaber, Donostiako gotzainak deitoratu duenez, "iruzurraren susmoa kiroletara ere zabaldu da".
"Komunikabidetako berriak lagunduta, orain arte txalotu ditugun kirolariak dopatu egin direla ondorioztatuko dugu azkenik?", galdetu dio Munillak bere buruari, "horrek bigarren gaitz morala ekarri dezake, mesfidantza nagusitzea, alegia". "Izan ere, 'guztiak dira ustelak', 'edonork du prezioa' bezalako hitzak entzun ohi ditugu aspaldiko partez", azpimarratu du.