Gizartea -
Gürtel auzia
Barcenasek 22 milioi euro izan zituen Suitzako kontu batean
Behin Gürtel auzian inputatuta zegoela jakin zuenean, PPko diruzain eta senatari ohiak, diru hori beste kontu batzuetara mugitu zuen 2009an.
Erredakzioa
Luis Barcenas PPko diruzain eta senatari ohiak 22 milioi euro izan zituen Suitzako banketxe bateko kontuan. Behin Gürtel auzian inputatu zutela jakin zuenean, kopurua 2009an beste kontu batzuetara eraman zuela dio Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileari herrialde horretatik bidalitako dokumentazioak.
Informazio berriaren arabera, 2005. urte amaieran Barcenasek 14.885.976 euro zituen Dresdner Bank-eko kontu batean, Panamako Sinequanon fundazioaren izenean. Kopurua igo egin zuen 2006 amaieran, 19.757.330 eurora, eta 2007. urtearen amaieran 22.144.832 eurora. Geroago, jaitsi egin zuen 2008an, 13.673.661 eurora zehazki, eta 2009an, 11.853.921 eurora.
Epailearen iritziz, frogatuta gelditu da kontuak auzipetuarekin lotura zuela; izan ere, "Mr. LB, LB edo LBG" izenarekin identifikatzen zuten bezeroa, eta batzuetan Luis Barcenas izena ere, nortasun agiri nazionalarekin kopiarekin batera, agertzen zela dio dokumentazioak. Halaber, Suitzako agintarien elkarlana aipatzen du txostenak.
Banketxeko langileen elkarrizketetan, senatari zela aipatu izan zela frogatu da, beraz, identitatea argi dagoela uste du epaileak.
Suitzan aurkitutako diru kopurua 2001ean irekitako beste ustezko kontu batetik zetorren. Hori dela eta, ikerketa urte horretara zabaltzea eskatu du epaileak.
2009an, Gürtel auziko ikerketa hasi zenean, auzipetuak hainbat transferentzia egin omen zituen eta kontua ixtea erabaki zuen, diru guztia Tesedul SA izenean beste banku batera eramanez. Azkenik, Lombard Odier banketxera Tesedul izenpean funts zehatz batzuk eraman omen zituen.
Ogasun Publikoaren aurkako delituak egitea eta dirua zuritzea egozten diote.