Gizartea -
Urdangarin auzia
Fiskaltzak ez du 'Urdangarin auzian' adostasun hitzarmenik eskainiko
Iñaki Urdangarinen aurkako epaiketaren bista "gehienez urtebete barru" egingo dutela azpimarratu du Torres-Dulce Estatuko fiskal orokorrak.
Erredakzioa
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal orokorrak esan du Fiskaltzak ez duela 'Urdangarin auzian' adostasun hitzarmenik proposatuko. Urdangarinen aurkako epaiketaren bista "gehienez urtebete barru" egingo dutela azpimarratu du Torres-Dulcek.
Antena 3 kateari eskainitako elkarrizketan, fiskal orokorrak argi esan du ez dela inolako akordiorik izango Urdangarinen abokatuekin. "Zaila izango da auzi honetako aldeekin adostasunik lortzea", gaineratu du.
"Ikerketa amaitzear da eta, horren ondoren, aldeek gertatutakoa kalifikatu beharko dugu. Ondoren, Mallorcako Auzitegiak epaiketaren bista noiz egin erabaki beharko du", azaldu du.
Torres-Dulcek aurreikusi duenez, epaiketa "gehienez" urtebete barru egingo dute, "azkenengo zatian arazorik ez baldin badago". Inputatuen kopurua handitu dezaketela ohartarazi du fiskalak.
Bestalde, epailea inputatuen aurkako fidantza ezarriko du datozen egunetan, eta horren aurka alegazioak aurkeztuko ditu Palmako dukearen abokatuak.
Izan ere, bihartik aurrera jakinarazi du Jose Castro epaileak Diego Torres eta Iñaki Urdangarini ezarritako fidantza. Fiskalak eta Manos Limpias sindikatuak 8 milioi eurotik gora eskatu dute.