Gizartea -
2012ko alkate onena
Iñaki Azkuna: 'Bilbo munduan kokatzeko balioko du sariak'
Alkatearen iritziz, sariak on egingo dio hiriari, Bilboz hitz egin baita munduko hainbat txokotan.
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea harro dago 2012ko alkate onena izendatu berri dutelako. City Mayors Fundazioak eman dio World Mayor saria, munduko alkaterik onena izendatzeko goraipamena, hain zuzen ere. "Harro nago, baina ikuspuntu praktikotik Bilbo munduan kokatzeko balioko du sariak".
Bilboko alkateak gaur egin du lehen agerraldi publikoa, munduko alkate onena izendatu zutenetik. Kazetarien aurrean Mexikoko Puebla hiriko Eduardo Rivera Perez alkatearekin agertu da; izan ere, bi hiriak elkarlanean ari dira.
"Oso harro nago saria jasotzeagatik, baina saria bilbotar guztiei eta nire lantaldeari dagokie", adierazi du. 'Saria ez da nirea, hiritarrena baizik, batez ere, proiektuak aurrera eramateko garaian pazientzia, adorea, irmotasuna erakutsi dutelako", gaineratu du.
'Saria ongi datorkio Bilbori, hiriaren izena Frantziako, Erresuma Batuko, Italiako eta Alemaniako hedabideetan atera delako, eta Bilboren izena mundu osora zabaldu delako".
"Alde guztietako jendearen zorion mezuak jaso ditut, tartean Espainiako Erregearena", gaineratu du.