Gizartea -
Ustezko sexu abusuak
Gazteluetak ustezko abusuen auzia argitzeko 'interesa' agertu du
Leioako eskolak auzia "instantzia ofizialetan" argitzeko deia egin du, "iritzi publikoaren aurrean baino gehiago".
Erredakzioa
Leioako (Bizkaia) Gaztelueta eskolak "errespetua" agertu du irakasle ohi baten partetik sexu abusuak salatu dituen ikasle ohiaren aurrean, baina auzia "iritzi publikoaren aurrean baino gehiago, instantzia ofizialetan argitzea" eskatu du.
Agiri batean, hezkuntza zentroak gertatutakoa argitzeko "interes osoa" eta "erabateko konpromisoa" agertu du.
"Berretsi egiten dugu, beste behin ere, gure jarrera erakunde publikoekin kolaboratzea eta garden izatea dela. Egun hauetan berriz ere eskaini diegu laguntza, behar duten edozertarako", gaineratu dute.
Azaldu dutenez, ustezko abusuaren berri 2011ko ekainean eman zieten adingabearen gurasoek, hots, ikasleak eskola utzi eta urtebetera.
Gazteluetaren esanetan, "eskola jazarpeneko ustezko auzi bat zen, eta irakasle bat ere nahasi zuten, ustez abusuak egitea ere egotzita".
"Merezi zuen garrantzi guztia eman genion [salaketari], eta berehala ikerketa sakona abiatu genuen, baina ez genuen irakaslearen aurkako akusazioak egiaztatzeko frogarik azteman. Ezin genuen neurrik hartu adingabea babestedo edota artatzeko, ez baitzegoen jada eskolan", argudiatu dute.
Eskolako zuzendariaren esanetan, irakasleak ukatu egin zuen egotzitakoa, eta "hasieratik" kolaborazioa erakutsi zuen, gertatutakoa "argi uzteko".
2011-2012 ikasturtean, irakaslea atzerrira ikastera joan zen, aldez aurretik prestatuta zegoen plan bati jarraiki, eta, itzuli zenean, eta auziaren aurrean "babes gabe" sentitzen zela eta, ikastetxetik alde egitea erabaki zuen.
2011ko urrian, adingabeen gurasoek salaketa aurkeztu zuten Hezkuntza Ikuskaritzan, eta prozedura Adingabeentzako Fiskaltzan jarraitu zuten, "baina oraindik ez dago egotzitakoa benetakoa dela esaten duen ebazpenik".
Eskolaren esanetan, adingabearen senideen akusazioak "larriagotu" egin dira denborak aurrera egin ahala.
"Orain arte, sendiak ez du auzitara jo nahi izan; akusazioak hedabideetan egitea nahiago izan du", deitoratu dute zentrotik.