15:13

Etxegabetzeak

Eusko Legebiltzarra

Erkoreka:'Etxegabetzeen aurkako protokoloa ekainerako prest egongo da'

Erredakzioa

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, Jaurlaritzak ez du langile publikoen lanaldiaren luzapena arautzen duen dekretua bertan behera utziko.

  • Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburua.

    Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburua. Argazkia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburuak gaur Eusko Legebiltzarrean iragarri duenez, ekainerako prest egongo da etxegabetzeak saihesteko protokoloa. Bestalde, uko egin dio EAEko Administrazio Publikoko langileen lanaldia luzatzeko Jaurlaritzak onartu zuen dekretua bertan behera uzteko EH Bilduk egindako eskariari.

Amaia Romarate EAJko legebiltzarkideak etxegabetzeak saihesteko protokoloari buruzko galdera egin du gaur, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, eta Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak erantzun egin dio.

Eusko Jaurlaritzak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Eudelek (EAEko Udalen Elkartea) sinatuko dute protokoloa, eta alde bakoitzak zer eginkizun izango dituen zehaztu du Erkorekak.

Gizarte zerbitzuen lana kaleratze arriskuan dauden familiak antzematea eta horien beharrei erantzutea izango da. Erkorekaren ustez, lan hori egiteko "erakunde  aproposa da, herritarrarengandik gertuen dagoena delako".

Zenbaitetan, kaltedunek ez dute laguntzarik eskatzen, eta kasu horietan botere judizialaren ardura izango da gizarte zerbitzuei abisua ematea.

Protokolo horren arabera, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak jarriko ditu babesgabetasun egoeran dauden pertsonen esku. Erkorekaren arabera, protokoloak ez du etxegabetzeen arazoa konpontzen; izan ere, Gorte Nagusiei dagokie Hipotekaren Legea aldatzea. "Ez dirudi Gorte Nagusiek zentzu horretan ezer egingo dutenik, PPk, gehiengo osoa izanda, herritarren eskariei entzungor egiten dielako", gaineratu du.

Langile publikoen lanaldiaren luzapenari eutsiko dio Jaurlaritzak

Erkorekak iragarri duenez, Jaurlaritzak ez du langile publikoen lanaldia luzatzeko dekretua bertan behera utziko, "langile publikoentzat kaltegarria izango litzatekeelako".

EAEko Administrazio Publikoko langileen lanaldia luzatzeko Jaurlaritzak onartu zuen dekretua bertan behera uzteko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, eta horren harira, Gasteizko Ganberan erabakitakoa beteko duen galdetu dio Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak Erkorekari.

"Lanaldiaren luzatzea bertan behera uztea kaltegarria litzateke langile publikoentzat eta ez dugu neurri kaltegarririk hartuko", adierazi du Erkorekak.

Lanaldiaren luzatzeak enplegua suntsitzea eragingo duela ohartarazi du Dani Maeztuk.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena