Krisi Ekonomikoa -
Europar Batasuna
Nazionalizatutako bankuek % 60 murriztu beharko dute beren tamaina
Bankiari, Novagaliciari, Catalunya Caixari eta Banco de Valenciari 37.000 milioi euro ematea onartu du Europako Batzordeak, baldintza hori betetzen badute. Bankiak jasoko du laguntzaren erdia.
Erredakzioa
Europako Batzordeak oniritzia eman die Espainian nazionalizatutako lau bankuen (Bankia, Novagalicia, Catalunya Caixa eta Banco de Valencia) berregituraketei, "Europar Batasunak estatuaren laguntzen inguruan ezarri dituen arauak errespetatzen" dituztelako.
Europako Batzordeak agiri batean azaldu duenez, Bankiaren, Novagaliciaren eta Catalunya Caixaren sakoneko berregituraketek "etorkizunean bideragarriak izatea ahalbidetuko die, Estatuaren laguntzarik gabe". Banco de Valenciaren kasuan, Europako Batzordeak dio "desagertu" egin beharko duela "erakunde independente gisa, eta Caixabanki saldu eta bertan integratuko" dela.
Espainian nazionalizatutako bankuek 36.965 milioi euro jasoko dituzte Europar Batasunetik, eta ia erdia, 17.960 milioi euro, Bankiarentzat izango da. Dena dela, nazionalizatutako bankuen tamaina % 60 murriztu beharko dute diru-laguntza jaso nahi badute.
Bankiaz gain, Novagaliciak 5.425 milioi euro jasoko ditu; Catalunya Caixak, 9.080 milioi euro; eta Banco de Valenciak, 4.500 milioi euro.
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehiakortasun komisarioak azpimarratu duenez, "ezinbestekoa da Espainian susperraldi ekonomikoa lortzeko ekonomia erreala finantzatuko duen finantza sektorea berreskuratzea".
"Bankuen berregituraketetan zergadunen dirua gehiegikeriaz ez dela erabiltzen eta iraunkorrak ez diren praktiketara ez dela dirurik bideratzen ziurtatu nahi dugu", gaineratu du.
Era berean, hemendik aurrera bankuek "txikizkako merkatura eta enpresa txiki eta ertainen maileguetara" bideratuko omen dute eta baztertu egingo dituzte higiezinekin lotutako proiektuak.