Krisi Ekonomikoa -
Bankuen erreskatea
De Guindos: 'Nazionalizatutako bankuek 37.000 milioi jasoko dituzte'
Espainiak erreskate osoa eskatuko ote duen galdetuta, De Guindos ministroaren hitzetan, "Espainiako Gobernuaren posizioa ez da ezertan aldatu".
Erredakzioa
Nazionalizatutako bankuek (CatalunyaCaixa, NovaGalicia, Valentziako Bankua eta BFA-Bankia) euroguneko herrialdeetatik 37.000 milioi euro inguru jasoko dituzte, Luis de Guindos Ekonomia ministroak iragarri duenez.
"Ez da sorpresarik izango: 37.000 milioi euro inguru egongo dira nazionalizatutako bankuentzat, 40.000 milioitik behera", esan du ministroak Bruselan, Greziaren egoera eztabaidatzeko deitu duten bilerara iritsi denean.
"Banku txarrari" emango zaion diruaz gain, "zehaztutako beste kopuru bat" birkapitalizazioarako laguntza behar duten beste bankuentzat gordeko dela gaineratu du.
"Denera 40.000 milioi euro inguru izan daitezke, beti aipatu dugun kopurua; Espainiako BPGren % 3 baino pixka bat gehiago".
Asteazkenean, Europako Batzordeak Espainiako banketxeen berregituratze plana onartuko duela ekarri du gogora. Abendurako aurreikusi duten finantza laguntza baino lehen egin beharreko pausoa da hori.
Europako Batzordeak ezarriko ditu berregituratze prozesu horretako baldintzak, bost urteko epean bete beharko direnak.
Bestalde, Batzordeak ezarriko du galerak bere gain hartuko dituzten horiek zein irizpide bete beharko dituzten. Ministroak ez du adierazi berregituratzeak zenbat langile kaleratzea eta zenbat bulego itxtea ekarriko duen. Hala ere, erabakia Bruselak hartutako duela azpimarratu du.
Bestalde, Espainiak erreskatea eskatuko duen galdetuta, De Guindos ministroaren hitzetan, "Espainiako Gobernuaren posizioa ez da ezertan aldatu".