Krisi Ekonomikoa -
Etxegabetze espresak
Etxegabetzeak alokairuetan: Nola funtzionatzen dute?
Gobernuak abuztuan onartu zuen legearen arabera, errenta ordaintzen ez duen maizterrak helegitea aurkezten ez badu, epaileak hamar eguneko epean kalera dezake.
A. A.
Lehengo araudiarekin, maizterrak errenta ordaintzen ez zuela erakusten zuen epai bat behar zuen jabeak errentaria etxetik atera ahal izateko. Gainera, errentariak azken momentuan ordaintzeko aukera zuen. Lege berriarekin, berriz, hamar eguneko epea du errentariak zorra ordaintzeko, eta, egiten ez badu, kontratua bertan behera utz dezake epaileak, eta prozesua amaitu.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eskainitako datuen arabera, 2012ko bigarren hiruhilekoan 1.231 etxegabetze agindu zituzten. Hala ere, epaileek ez dute zehazten etxegabetze horiek errenta edo hipoteka ez ordaintzeagatik izan diren.
Jose Antonio Vazquez Tain epaile galiziarraren aburuz, ez da logikoa hipoteka ordaindu ezin dutenak babestuko dituen erreforma bat sustatzea eta alokairuan daudenak etxetik botatzeko prozesua azkartzea.
Horrez gain, errentaria hamar egunetan kaleratzeko aukerari buruz, herritar batzuk beste batzuk baino gehiago babesteak "injustizia sozialak" eragiten dituela esan du.