Krisi Ekonomikoa -
Europar Batzordea
Espainiako ekonomiak % 1,4 egingo du atzera 2012 eta 2013. urteetan
2013ari begira, % 0,3ko atzeraldia aurreikusi zuen Europak, eta Madrilgo Gobernuak, berriz, % 0,5ekoa. Grezia ez da 2014a arte irtengo atzeralditik, eta krisia Alemaniari ere eragiten hasi da.
Erredakzioa
Espainiako ekonomiak % 1,4 egingo du atzera 2012 eta 2013. urteetan eta % 0,8 haziko da 2014.ean, Europar Batzordeak iragarritako aurreikuspenen arabera.
2013. urtera begira, maiatzean % 0,3ko atzeraldia aurreikusi zuen Europak. Madrilgo Gobernuak, berriz, % 0,5ko atzeraldia aurreikusi du.
Bestalde, aurten Espainiako defizita Barne Produktu Gordinaren % 8an kokatuko dela adierazi du Europar Batzordeak. 2013an %6ra jaitsiko da eta 2014an, berriz, % 6,4ra iritziko da, beti ere neurri berriak martxan jartzen ez badituzte.
Europako Batzordearen aurreikuspen horiekin, jarritako helburuetatik urrun geratuko da Espainiako Gobernua. Izan ere, 2013an % 4,5era eta 2014an % 2,8ra jaistea aurreikusi zuen. Europar Batasunak % 3tik beherakoa izatea exijitzen du.
Grezia ez da 2014a arte irtengo atzeralditik
Greziak ez du 2014a arte atzean utziko egun bizi duen ''atzeraldi sakona'', Europako Batzordeak emandako datuen arabera. Hala, 2014rako % 0,6ko hazkundea aurreikusi du Bruselak Grezian.
Krisiak Alemaniari ere eragiten diola ohartarazi du Draghik
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak ohartarazi duenez, Alemanian ere hasi dira nabaritzen krisiaren ondorioak. Orain arte euroguneko beste herrialdeek pairatzen zituzten arazoak ekidin dituzte, baina dagoeneko hasi dira beraiek ere jasaten.
Draghiren hitzetan, ''ez da ezusteko datua'', bereziki kontuan izanda Alemaniaren BPGaren % 40 euroguneko beste herrialdeekin duen merkataritza harremanetatik datorrela, eta atzerriko inbertsioaren % 65 eurogunetik datorkiola.
Bestalde, Angel Merkel Alemaniako kantzilerrak adierazi duenez, Europako zenbait herrialdetan egindako erreformek ''lehen lorpenak'' jarri dituzte mahai gainean. Irlandan, Portugalen eta Espainian ''zenbait seinale pozgarri'' ikusi ditu Alemaniako ordezkariak.
''Europako herrialde guztiek erreformak egin behar dituzte beren egituretan, eta egonkortasuna fiskala sendotu behar dute, oinarrian dauden arazoei irtenbidea emateko. Badakit hori asko eskatzea dela zenbait herrialderi eta bertako herritarrei'', gaineratu du.Rehnek erreformekin jarraitzea eskatu du
Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia presidenteordeak erreformekin jarraitzeko deia egin die Euroguneko estatuei, ekonomia berpizteko eta langabezia datu "onartezinak" iraultzeko.
Bestalde, Europako Batzordeak Euroguneko hazkunde aurreikuspenak jaitsi ditu, eta Barne Produktu Gordina aurten % 0,4 murriztuko dela eta 2013an % 0,1eko hazkundea izango duela aurreikusi du.
Aurreko aurreikuspenek % 0,3ko beherakada ematen zuten 2012rako eta % 1eko hazkundea 2013rako.