Krisi Ekonomikoa -
Urriko datuak
Langabezia % 2,4 hazi da Euskadin, eta % 2,65 Nafarroan
EAEn 3.939 langabetu gehiago daude, eta, Nafarroan, 1.316 gehiago, iraileko datuekin alderatuta.
Erredakzioa
Urrian, 3.939 langabe gehiago egon dira Euskadin, % 2,40 gehiago, iraileko datuekin alderatuta. Hala, guztira 168.078 langabe daude Euskadin, Espainiako Lan Ministerioak helarazitako datuen arabera.
2011ko urriko datuekin alderatuta, 25.477 langabe gehiago daude Euskadin, % 17,87 gehiago.
EAEko probintzien artean Gipuzkoan hazi da gehien langabezia, % 2,73 (1.255 langabe gehiago). Bestalde, Bizkaian % 2,42 hazi da langabezia (2.231 langabe gehiago), eta Araban % 1,75 (453 langabe gehiago)
Hala ere, iaztik hona, Araban hazi da langabezia gehien, % 19,49; Bizkaian % 17, 66 eta Gipuzkoan % 17,43.
Nafarroan ere hazi da langabezia urrian, 1.316 langabetu gehiago daude, % 2, 65 gehiago. Orotara, 50.933 pertsona daude lanik gabe Nafarroan.
Urtebetean, % 13,90 (6.222 pertsona) igo da langabezia Nafarroan, eta Espainian igoera % 10, 84koa (472.595 pertsona) izan da batez beste.
Hirugarren hilabetez jarraian, langabezia hazi egin da Espainian. Irailean baino 128.242 langabe gehiago zenbatu dituzte, % 2,73 gehiago. Hala, guztira 4.833.521 langabe daude Espainian.