Krisi Ekonomikoa -
Ministroen Kontseilua
Etxegabetzeen legea aldatzea PSOErekin adostu nahi du Gobernuak
Jaiegunei dagokienez, Enpleguko Ministerioa Gotzainen Biltzarrarekin harremanetan da jaiegun erlijiosoak astelehenetara pasa eta zubiak saihesteko. Guztia, enpresen produktibitatea handitzeko.
Erredakzioa
Gobernuak etxegabetzeen legea aldatzeko asmoa duela iragarrio du Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak. Ideia nagusia egoera horiek saihesteko neurri "eraginkorragoak" gaineratzea da, eta neurri horiek PSOErekin adostea.
Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, errefoma hori "lehenbailehen" onartu nahi dutela esan du Saenz de Santamariak.
Hori dela eta, Gobernuak lantaldea osatu du Ekonomia, Ogasun eta Justizia Ministerioekin, besteak beste, etxegabetzeak geldiarazteko dauden "legezko aukera guztiak" aztertzeko.
Lehen bilera egin dute dagoeneko. "ministroen arteko goi-bilera izan da", eta hurrengo pausoa ministroen sailek eman beharko dute, hartu daitezkeen neurrietan sakontzeko.
Halaber, Gobernuak legearen erreforma beste alderdiekin aztertzeko "borondate osoa" duela azpimarratu du Soraya Saenz de Santamariak, "batez ere PSOErekin". Erreformak batzuen eta besteen ideiak bildu nahi ditu onarpena adosteko.
Jaiegunen aldaketa
Bestalde, presidenteordea jaiegunetaz ere aritu da. Esandakoaren arabera, Enplegu Ministerioa jaiegun erlijiosoak astelehenetara mugitzea negoziatzen ari da Gotzainen Biltzarrarekin, erkidego autonomikoekin eta gizarte-eragileekin (patronala eta sindikatuak). Erabaki horrekin zubiak saihestu eta enpresen produktibitatea handitu handitu nahi dute.
"Aurrerapausoak ematen ari gara eta urtea amaitu baino lehen akordioaren berri ematea espero dugu", esan du Saenz de Santamariak.
Madrid Arenako ezbeharra
Madrilen ostegunean gertatutako ezbeharrari dagokionez, presidenteordearen hitzetan "Gobernuak ez du zalantzarik izango behar diren aldaketak egiteko" eta antzerako ezbeharrak ekiditeko. Madrid Arenan egindako jaian hori gazte hil ziren eta beste bi oso larri daude.
Era berean, Poliziak ikerketa abian duela azpimarratu du, eta Gobernuak "ikerketa horien emaitzak arreta osoz jarraituko dituela" azaldu du.
Ez du erreskatea baztertu
Erreskatearen eskaeraz galdetu diotenean, Rajoyk esandakoa berretsi du: Gobernuak ez duela erreskatea baztertzen, baina eskaera espainiarren interesentzako onena dela ikusten duenean egingo duela.