Krisi Ekonomikoa -
Ikuskariak
Banketxeen erreskatea gainbegiratuko duen NDFren misioa Espainian da
Finantza sektoreko erreformak ikuskatuko dituztela berretsi du NDFak, eta ukatu egin du Espainiako Gobernuak erakundeari laguntza ekonomikoa eskatu diola.
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtseko teknikari talde bat Espainiara iritsi da eta datorren urriaren 26ra bitartean, banketxeen sektorea gainbegiratuko du Espainiako banketxeen birkapitalizaziorako programaren baitan.
Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeko bozeramaile batek adierazi duenez, NDFk soilik banketxeen sektorea ikuskatuko du, Espainiako Gobernuak ez duela laguntza ekonomikorik eskatu azpimarratuz.
"Gure zeregina banketxeetan dago une honetan, eurei ematen diegun laguntza teknikoan", esan du Gerry Rice NDFren bozeramaileak. "Espainiak ez dio Funtsari inongo laguntzarik eskatu", gaineratu du.
Ildo honetan, banketxeen gainbegiratze lanak dagoeneko hasi direla adierazi du Ricek, Madrilen "teknikari aditu" bat agintariekin elkarlanean ari delako.
Nazioarteko erakundeko iturriek esan dutenez, NDFko teknikariek euren lana amaitutakoan, Espainiako agintariei eta Europakoei txosten bana emango diete bisitaren ondorioak azalduz.